Bilboko auzoen historiari buruzko hitzaldiak, orain liburuetan
GARA | BILBO
Bilboko auzo ezberdinen historiari buruz orain arte antolatu dituen bi hitzaldi-zikloek izan duten harrera ona ikusita, Bilboko Kultura eta Euskara Sailak hitzaldi horiek liburuetan biltzea erabaki du «Bilbao y sus barrios: una mirada desde la Historia» izenburupean.
Bilboko Kultura eta Euskara Saileko zuzendari Gonzalo Olabarriak eta lehen hitzaldi-zikloko moderatzaile Fernando Martinez Rueda Historia doktoreak aurkeztu zuten atzo lehen liburua, 2005eko hitzaldiak biltzen dituena. 12 euroko prezioan salduko da, «Monografías Bidebarrieta» bildumaren barnean.
Liburuaren protagonistak Zazpi Kaleak, Abando, San Frantzisko, Bilbo Zaharra, San Inazio eta Errekaldeberri dira.
Bigarren liburua, aurki
Lehen liburu hori argitaratu eta gero, ondoko hilabeteetan bigarren liburua argitaratuko da, 2006ko hitzaldiak bilduko dituena. Aztertutako auzoak, kasu horretan, Ciudad Jardin, Solokoetxe, Indautxu, Olabeaga, Begoña eta Santutxu izango dira.
Ekimenak etorkizunean jarraituko du, aurten auzoen historiari buruzko hitzaldien hirugarren edizioa espero baita. Hala ere, edukiak oraindik zehaztu gabe daude.
Atzo aurkeztu zen liburuaren hitzaurrean, Jon Sanchez Kultura zinegotziak bilbotarrek Botxoari dioten atxikimendua auzo jakin bateko bizilagun izatearen sentimendu gogorrarekin bateragarria dela nabarmendu du; nahiz eta, egia esan, bakoitzaren auzoko historiaz oso gutxi jakin.
Lehen hitzaldi-zikloko koordinatzaile Fernando Martinezek gogoraratu zuenez, bost mendeetan zehar hiriko historia auzo bakarrera mugatu zen: Zazpi Kaleak. Izan ere, hiriburuaren zabalkuntza azkarra XIX. mendeko azkenaldian eman zen.
Liburuon eta hitzaldi-zikloon xedea bilbotarrei hiriko historia hurbiltzea, gertuen duten ondarea ezagutaraztea eta denboran zehar hiria nola eraiki den azaltzea da.