GARA > Idatzia > Kirolak

Aizkora desafioa

Alkizalete I.a eta Ormaetxea, jokorako prest

J.L.| DONOSTIA

Aizkora apustua egin zuten atzo, Tolosan, Jexuxmari Ormaetxea Urki-k eta Alkizalete I.ak. Desafio hori hamalau kana-erdikotara jokatuko dute, hain zuzen, eta apirilaren 22an, 18.00etatik aurrera neurtuko dituzte indarrak Asteasuko pilotalekuan.

Alkizalete I.a lehen aldiz iazko urtean plazaratu zen Euskal Herriko Hirugarren Mailako Txapelketan. Aurten 23 urtez azpikoen Urrezko Azkoran parte hartzekoa zen, baina arazo batzuk izan zituen, eta ezin izan zen lehiatu. Haren ordez, anaia gaztea aritu da, eta hura ere lehen aldiz plazaratu da.

Ormaetxea, berriz, ezaguna da herri kirol munduan, segan aritu baita orain arte; puntan-puntan, gainera. Orain, aizkoran ere probatu nahi du, eta apusturako prest agertu da.

Orain dela hilabete eta erdi Lasak aizkoran eta segan jokatzeko deia egin zuenean agertu zen Orendaingoa, baina hark Txapartegirekin egin zuen jokoa, eta orain arte itxaron behar izan du. Aizkoran lehen aldiz agertuko da ofizialki plazetan Ormaetxea, eta seuguru asko ere, ikusmin handia piztuko du desafio horrek. Alde batetik, Alkizalete bere herrian arituko da, eta, bestetik, Ormaetxeak izen handia du herri kirol munduan, eta aizkoran nola egiten duen ere jende askok ikusi nahiko du. Ormaetxeak zortzi enbor eramango ditu, eta beste seiak, berriz, Alkizaletek eramango ditu. Alde bakoitzak 3.000 euro jokatzen ditu dirutan.

Atzokoarekin, aurtengorako bigarren apustua da, baina ez da azkena izango, beste bat ere argitara berehala azalduko baita.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo