HARRI-JASOTZEA
Gorostidi harriarekin lehiaketa antolatuko da maiatzaren 22an
J.L. | DONOSTIA
Harri-jasotze lehiaketa bat antolatuko dute maiatzaren 22an, Adunan. Azkenaldian kirol horretan lehiaketak ugaritzen ari dira, eta bat gehiago izango dute.
Harriari, Gorostidi harria deituko diote, eta horretarako arrazoiak ere badaude. Harri hori Iñaki Gorostidi harri-jasotzaile adunarrak jaso zuen 1982. urtean, baina esku bakar batekin, eta marka pertsonal bat egin zuen. Adunako harri-jasotzaileak 77 kilo pisatzen zituen jarri hori bizkarraren gainean berdindu ostean.
Aurten 25 urte betetzen dira harri hori Gorostidik altxatu zuenetik, eta hura gogoratzeko antolatuko dute lehiaketa hori. Gorostidi harri-jasotzailea baita boxeolaria ere izan zen. Pisu handia ez izan arren, harri handiak jasotzen zituen. Gaur egun, harriak jasotzeko eskola bat du Adunan.
Txapelketa horretan parte hartzeko aukera denei zabalik dago, eta lehiaketa bi eskuekin izango da. Aurrez aipatu bezala, maiatzaren 22an izango da lehiaketa, arratsaldeko sietan. Bertan parte hartzeko izena eman nahi duenak epea zabalik dauka, eta horretarako 943 69 34 96 telefono zenbakira deitu behar du.
Lehiaketa bi eskuekin egingo da, baina sari berezi bat ere jarriko dute. Alde horretatik, 100 kilotik beherako harri-jasotzaileen artean, harri horri jasoaldirik gehien ematen dion harri-jasotzailek 500 euroko gainsaria jasoko du. Hortik aurrera izango diren sariak zenbatekoak izango diren oraindik erabakitzeko dago, eta erabakitakoan, antolatzaileek horiek argitara emango dituztela baieztatu zuten. Haien asmoa egungo kirolaririk onenak bertan izatea baita.
Harria ezagutzen ez duenak eta ikusi nahi duenak herriko osatatura joatea nahikoa izango du. Bertan ikusgai jarrita dago, eta bertaratuz gero, bera ikusteko eta ezagutzeko aukera izango dute. Harria 185 kiloko zilindro zaharra da.
Kirol honen gorakada
Harri-jasotzeak gorakada handia izan du. Ia orain arte, lehiaketa ofizialetatik at, oso gutxi antolatzen ziren, baina badirudi agertu diren gazteek erakargarritasun handia ekarri dutela, eta lehiaketak ugaritzen doaz.
Aurten bertan, bi jokatu dira. Amezketan Albizuri Handia lehiaketa jokatu zuten, eta joan den astean Euskadiko Sei Orduetan ere bai. Gainera, urteroko moduan, Igeldo harriarekin ere jokatuko dute, baita Mallabiko eta Elgoibarko torneoak ere.
Iaz lehen aldiz Alegian jokatu zuten, eta jarraipena emateko asmoa agertu zuten orduan antolatzaileek, baita lehen aldiz Berrobin jokatu zuten lehiaketak ere. Horiek aurrera eramateko modua baldin badago, txapelketa asko izango dira, ez baita ahaztu behar herrialdeetako eta Euskal Herriko txapelketak ere izango direla.