Sei bertsolari gazte lehiatuko dira gaur Getxoko VI. Abra sarian
Abra bertsolari-lehiaketa izango da gaur, Getxon, seigarren urtez. Oraingo honetan, sei bertsolari gazte arituko dira norgehiagokan aurtengo txapela eramateko. Areetako Andres Isasi musika eskolan egingo dute saioa, eta sarrera doakoa izango da. Seigarren lehiaketa honetan parte hartuko duten bertsolariak Euskal Herriko herri askotakoak dira, eta, oso gazteak izan arren, trebetasun handia erakutsi dute bertsolaritzan. Getxoko Abra sarian, Peru Vidalek (Leioa), Ander Elortegik (Gernika), Aitzol Barandiaranek (Ataun), Odei Barrosok (Urruña), Izar Mendigurenek (Laudio) eta Maialen Belardek (Zumaia) parte hartuko dute. Josu Esnaola arituko da gai-jartzaile lanetan. Abra saria 2002. urtean sortu zuten bertsolarien belaunaldi berrien lana bultzatzeko asmoz. Ordutik hona, Nerea Elustondo, Jon Martinez, Xabier Paia eta Oihana Bartra bertsolariek irabazi dute lehiaketa horretako txapela. Gonbidapena Algortako Bertsolari Eskolako egoitzan, UKn eta Algortako kultur etxean jaso daiteke, eta saioa hasi baino ordu bat lehenago musika eskolako txartel-leihatilan bertan.