GARA > Idatzia > Gutunak

Bittor Gonzalez Villamayor Gasteiz

Quosque tandem?

Odola eta ipurmasaila oraindik bero eta gorri ditudalarik, Bilbon bizi izandakoari buruzko hausnarketatxo bat egin nahi nuke.

Zelaiari ateak jartzea ezinezkoa den bezala, jendearen askatasun egarriari ere ezin zaio «zipaio-harresirik» jarri. Sabin Etxekoek manifestazio baketsu bat onartu ordez, Bilbo hankaz gora jartzea eta amnistiaren eta autodeterminazioaren aldeko oihuak hiriko erdialdeko kale guztietan zabaltzea lortu dute. Mila esker!

Pilotak zure ondotik botean pasiatzen; bati mukizapiak utzi behar, burua ireki baitiote; zure auzokideak bere anaia ospitalera eraman dutela esaten dizu; Plaza biribilean polizia autonomiko espainiarraren furgoneta mordoa hemendik hara zoro moduan zirkulazioa erraztu ordez, hura oztopatzen; El Corte Ingles de Juanaren askatasunaren alde oihuka; manifestazio bat Sabin Etxera gerturatzen da honen arduraduna salatzera, baina kontxo! berehala furgoneta pila bat datoz eskura jaten ematen dietenen etxea zaintzera... hauek zertzelada batzuk besterik ez dira izan, larunbatean Bilboko paisaian ikusi ahal izan genituenak. Zer hartzen dute uniformedun kaputxadun hauek halako bortizkeria erakusteko?

Ezker abertzaleak gatazka kaleetatik atera nahi duen bitartean, PNVk kalean gatazka zabaltzen jarraitzen du; indarkeria gaitzestu arte ezin dela aurrera egin esaten duten bitartean, haien poliziek praktikatzen dutena goresten dute... mundua hankaz gora. Noraino dago PNV espainiar interesei lotua? Noiz arte?

Burutik jota egon behar dute pentsatzeko preso politikoak pairatzen dituzten injustiziak kalean salatu gabe geratuko direnik.

Iñaki eta gainerako preso politikoak harro egon daitezke atzean duten herriaz, larunbatean erakutsitako duintasunagatik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo