Xabier Izaga Irakaslea
Politika, biktimak eta zornea
Gobernu espainolari sortu zitzaion egoera politiko oker -baina legez zuzen- batek okerrago -eta legez kontrako- batera eraman zuen. Orain Iñaki de Juana Euskal Herrian da. Baina atzo Barne ministro espainolari entzunda, badirudi ez dutela gehiegi ikasi. Haren Gobernuak PPren itzal (Antonio Machadoren euliak bezain) itsaskorra astindu ezinik jarraitzen du: De Juana etxera eraman dute zaintzapean, baina PPk Esteban Esteban Nieto libre utzi omen zuen. Larri gaixorik kartzela-baldintzarik latzenetan izan ondoren, hiltzear zegoela atera zuten presoaz ari zen. Ez dute ikasi. Iñaki de Juanak bere zigorra bukatu zuenean ez kaleratu arren PPk eraso betean jarraitu zuen, eta halaxe jarraituko du orain ere, Moncloakoek edozer eginda ere.
Hala erakusten du, besteak beste, joan den larunbatean Madrilen egin zuten manifestazioak. Haren atzean PPk ordezkatzen dituen eskuin muturreko sektoreak eta botere ekonomiko eta erlijiosoak daudela, beldurgarria da zein erraz manipulatzen dituzten sentimenduak, bakar batera murrizteraino: gorrotora. Lagun bat egundoko sufrimenduan hil arte mantentzea xede nagusi zutela bildu ziren. Biktimenganako elkartasunez, diote.
Beste biktima batzuei, Martxoaren 3koei, aitorpen ofiziala iritsi berri zaie Gasteizko Legebiltzarretik. Sindikatu eta alderdi politiko gehienek bezala 31 urtean bizkarra eman dien horretatik. Eta urteurren horrekin bateratsu beste biktima biren lehenengo urteurrena ere izan da: Igor Angulorena eta Roberto Sainzena, hain zuzen. Biak kartzelan hilak. Haien familien ahotik, ordea, ez dugu gorroto hitzik entzun. Bakearen eta konponbidearen aldekoak baino ez. Baina horiek ez omen dira biktimak. Mina ere ukatzen diete.
Oraindik orain Xabier Mendiguren Elizegik «Argia» astekarian idatzi zuenez, «filmak film eta liburuak liburu, desberdintasunik nabarmentzekotan hauxe nagusia: katalanak beren iragana kontatzen dabiltzala, kontuak garbitzeko, eta hemen, berriz, zauriari zornea dariola oraindik. Ez dadila izan luzerako». Bat nator. Eta berehalako erantzun gisa, «Llach. La revolta permanent» filma, Martxoaren 3ko hilketen oroitzapena dakarrena, ez da zolduraren kontrako antibiotiko makala. Bitxia, bide batez, sendagileetako batzuk katalanak izatea. Jarraipena izan dezala, filmez, liburuz eta pikotx-aitzurrez, badugu-eta zer garbitua, zer sendatua. Eta politikak sobera du zornea.