Mikel Quintian Iruskieta
Kanpotik datoz hizkuntza-eskubideak urratzera
Pasa den ostiralean, Ibaetako campusean geundelarik Ertzaintzak identifikatzeko eskatu zigun. Euskara zekien norbaitez galdetu dugu eskubide osoa genuen uste sendoz, baina beraien erreakzioa betikoa izan zen: oldarkor jartzea eta mehatxuekin erantzutea. Bada, legea sendotasunez eta irmoki aplikatu ezin dutenean, ez dira, bada, legea nondik hautsiko duten bilatzen hasten.
Beraiek euskaraz inola ere ez dutela hitz egingo baieztatu dute. Baina identifikatu ondoren horra gure harridura: euskaraz hitz egiten hasi ez direnean! Badirudi Donostian hori manualekoa izatea, horrelakorik gertatzen zaidan bigarren aldia baita.
Honakoa salatu nahi dut: Ertzaintza, zenbait egoeratan behintzat, euskararen zapaltzailea dela. Izan ere, Ertzaintzan euskaraz dakitenean eta horrela aritzeko eskatzen zaienean ez dute euskara erabiltzen; gainera, horrelakorik entzutean oldarkor jarri eta legea betetzearekin zerikusirik ez duten mehatxuekin erantzuten dute.
Euskal Herriko Unibertsitatearen helburua kalitatezko hezkuntza bat balitz, orduan zerbitzu guztiak euskaraz kalitatez eman beharko lituzke. Baina unibertsitateak ezin du euskararen egoera normalizatu. Hori gutxi balitz bezala, aipaturikoak unibertsitatera kanpotik datoz hizkuntza-eskubideak urratzera. Eta horrelako eraso eta oldartzeak ezin dira unibertsitateko instituzioen erantzukizunetik kanpo gelditu.
Irakasle batek gertaturikoa entzutean oraindik ere euskalduna izateak kostu bat daukala aipatu dit. Eta ni prest nago horrela ez dela uste duten pertsona zintzo guztiei bizipen antzeko bat erakusteko, horregatik ere euskaldun izatea merezi du eta.
Bide batez besarkada eta aupada bat euskal preso politikoei eta beste guztiei, zuon eskubideen aldeko afixak jartzen geundela geratu gaituztelako.