GARA > Idatzia > Jo puntua

xabier silveira bertsolaria

Indarkeria

PNV Estatuaren morrontzan zenbat ardura hartzeko eta gatazkaren konponbideari zenbat zangotrabatze egiteko prest dagoen argi ikusi da berriz

Indarkeria ez dela inongo helburuen lortzeko bidea entzun izan dugu ia etengabe. Indarkeriaren definizio zehatz bat entzun nahi nuke, hala ere; ez baitut sinisten indarkeriaz hitz egiten denean norberak erabiltzen duen indarra onartzen denik. Denak gaude indarkeriaren aurka baina denok erabiltzen dugu; denek gaitzesten dugu armen erabilera baina denok erabiltzen ditugu. Guztiok mintzen gaitu heriotzak, baina hori bai, ondokoarenak. Lubakiaren beste aldean gertatzen diren sufrikarioak bost axola zaizkigu, gureak beraiek sorrarazi dituztelako, ziurrenik.

Armak eta indarkeria eskutik dabiltz gure herrian, baina indarkeriak ez du ulertzen monogamiaz, eta erraz asko ikus dezakegu berau komunikabi- deekin pasiatzen edota epaitegietako atarietan norbaiten zain. Indarkeriak mila euskarri izan ditzake, heriotzak bezala, zeina maiz, bixi-bixi gurutzatuko zaigun bidean.

Bizitzaren balioak edo salneurriak igo eta jaits daitezke hildakoa eta hiltzailea zein direnaren arabera. Hori giza eskubideen ipuina bezala da, txerritxoen etxeetan, eta antxumeenean otsoak egin zituenak egin ondoren, txanogorritxo ehiztariak salbatu zuenekoa bere eskopetarekin. Hara! Badirudi behingoagatik armek indarkeriari aurre egin ziotela.

Alderantziz gertatu zelakoan nago joan den larunbatean Bilbon, ni ez nintzen bertan izan, baina. Zaharrak Berri Xou-ren 2. Denboraldiaren aurkezpen eguna genuen guk, bakean eta bertso giroan igaro genuena. Giroa desberdina izango zen Balzaren txakurrek eta manifestazio baketsu bat egin nahi zutenek topo egin zuten hirian. Telebista kate espainiarretan ere ikusi ahal izan genituen EAJk euskal herriari egindako guda proposamenaren irudiak. Gerra zibilaren aldaba jotzen, ozen, Miren Azkarate etorkizuneko lehendakariñak epaituko zuen tragedian. Negargarria. Eta era berean, dagoenaren erakusgarria. Indarkeriaz ez bada beraien helburuak gauzatzeko gai ez den eusko jaurlaritza, Josu Jon Imazek gidatzen duen EAJ espainiarraren barne batailetan galdurik.

Estatuaren morrontzan zenbaterainoko ardura hartzeko prest dagoen argi ikusi da berriz, gatazkaren konponbideari zenbat zangotrabatze egiteko prest dagoen PNV.

Indarkeriarekin ez da ezer lortzen, baina beraien polizia integralak sortzen dituen istiluek ederki laguntzen dute prozesuak bizi duen inpasse hau etengabe luzatzen. Atzo bertan Donostia ospitalaren atarian De Juana itxoiten ari zirenen aurka oldartu eta telebistan ia zuzenean ikusi ahal izan zen gizon bat aurpegia odoletan zuela. Nork eman die ezker abertzalearen aurka edonon eta edonola ekiteko agindua?

Denborak ken diezadala arrazoia baina hauekin alferrik gabiltza. Eskerrak tarteka arnas pixka bat har dezakegun, pelotazo artean bada ere, ongietorrietan elkartu eta denak ekartzeko indarrak batzeko. Ongi etorri, Iñaki! Laster zara aske. Jo ta ke, irabazi arte.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo