GARA > Idatzia > Kultura

Dorleta URRETABIZKAIA Aktorea eta idazlea

Komunikazioa edota inkomunikazioa

Ordenagailuaren aurrean eseri naiz arte eszenikoei buruzko hausnarketa egiteko asmotan. Antzerkia. Zer da? Zertarako balio du? Zertara goaz? Zer funtzio dauka gure gizartean? Burua galderez lehertzear daukadanean, ikusi dudan azkenetako antzerki obra bat etorri zait burura. «For sale».

Surrealismo, umore, argitasun eta gizatasunez beteriko antzezpena. Oso ona nire ustean. Zergatik? Aspaldian ikusi dudan antzezlan askeena izan delako, freskoa, konprometitua eta azkarra. Harridura sortarazi didalako, gauza berriak entzun ditudalako, hunkitutu egin nauelako...

Antzokira joaten naizen gehienetan, sartu naizen bezala ateratzen naiz. Berdin. Eta hori ez da nik amesten dudan antzerki transformatzailea, iraultzailea eta poetikoa. Euli bakarti baten hegaldiaren hotsa entzuten dut nire ezker tinpanoaren ondoan eta Artauden letrak etortzen zaizkit burura. «Eginkizuna, ongi diot, eginkizuna, idazlearena, poetarena, artistarena ez da testu batean, liburu batean edota antzoki batean koldarkeriaz ezkutatzea,espiritu publikoa astintzera eta erasotzera kalera ateratzea baizik. Bestela,zertarako jaio da artea?».

Kolonbian izan ginen joan den urrian «Nasdrovia Txekhov» antzezlaneko kideak, Manizalesko antzerki jaialdi batean. Kaleko ikuskizun baten amaieran, ospa egitera gindoazenean ikusi genuenak badu honekin nolabaiteko zerikusirik. Bertako polizia gazteek antzezpen bat egin zuten jendeari mezu bat zabaltzeko. Hiriko polizia antzerkiaz baliatu zen kabinetako lapurren aurkako kanpaina bat kaleko jendearengana hel zedin. Antzerkia kalean zegoen, helburu sozial bat zuen.

Gure hasierako harridurak gogoeta sakonera eraman gintuen ondoren. Ez al da hori antzerkiaren benetako helburua? Gizartearentzat, tresna baliagarri bat izatea? Antzerkiaren oinarria, funtsa, erritualetik dator. Jainkoen eta gizakiaren komunikazioaren beharretik. Gizakiaren behar sakon eta primitibo batetik. Antzerkia ez al da komunikazio behar horren oinarria? Orduan, zergatik egungo gure antzokietan ez da komunikazio hori ematen? Zergatik ez da gure gizartearen benetako beharretan oinarritzen? Zergatik ez gaitu astintzen? Zer da bidean ahaztu duguna? Guk aukeratzen dugu antzerkian: komunikatu edota inkomunikatu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo