Gerra garaiko adiskidetasun eta konpromiso istorio bat
Lakuako Gobernuko Kultura Sailak Inazio Mujika Iraolaren «Sagarrak Euzkadin" narrazio laburra aurkeztu zuen atzo. Liburua 36ko gerraren 70. urteurrenaren oroitzapen-proiektuen artean sartzen da. Ipuinari garaiko 40 argazki gehitu dizkiote. Euskaraz eta gaztelaniaz dago.
Karolina ALMAGIA | BILBO
Irargi Ondare Dokumentalaren Zentroaren gordailuan daude Bidasoa Institutuko eta Blasco Olaetxea artxiboko 36ko gerraren argazki bildumak. Gertaera horretatik 70 urte bete dira, eta Irargiko arduradunek argazki horiek nola edo hala ezagutarazi nahi zituzten. Horretarako, Inazio Mujikarekin jarri ziren harremanetan. «Ondo edo gaizki, idatzi egiten nuela esan nien nik. Idaztea bururatu zitzaidan, eta hori proposatu nien, narrazio bat egitea, fikzioaren bidez Gerra Zibila zer izan zen kontatzeko», adierazi zuen atzoko aurkezpenean idazleak. Narrazio horri Irargik dituen bildumetako berrogei argazki gehitu dizkiote. «3.000 argazki inguru artetik, hauek aukeratu ditugu. Lan handia izan da», esan zuen Mujikak. Atal grafiko hori hain garrantzitsua da, liburu horretan «begizko irakurketa bat egin daiteke».
Konpromiso eta adiskidantza baten istorio bat da «Sagarrak Euzkadin» narrazioa. Protagonista gudari bat da. Adiskide bat egin du gerra garaian, kazetari ingeles bat. Eusko Jaurlaritzaren egoitzan topo egingo dute biek, Carlton hotelean, Bilbo erori aurreko gauean. Agintariek Enkarterrira ihes egin dute, eta bertan soldadu talde bat bakarrik gelditzen da. Carlton huts eta fantasmagoriko horretan dabiltza gudaria eta kazetaria xanpaina edaten eta haurtzaroko abestiak kantatzen. Gero, narrazioak salto bat egiten du, hamar urte gerora. Garai horretan topo egiten dute gudariaren semeak eta kazetari ingelesak. Tartean kontatzen diren anekdota eta istorio txikiak egiazkoak dira. «Niri artxiboetan begiratzea gustatzen zait. Eta beti interesatu zait gerra honetan parte hartu zuten herritarrei entzutea. Anekdota horiek Koldo Mitxelenak, Iñaki Alkainek eta beste batzuek bildutakoak dira eta nik nire narraziora ekarri ditut».
Ipuina euskaraz eta gaztelaniaz dago. Inazio Mujika Iraolak (Donostia, 1963) eleberri bat eta hainbat ipuin girotu ditu 36ko gerra garaian. «Beti iruditu zait agertoki konparaezina dela tramak eta pertsonaiak bertan ipintzeko eta gizakumeen gauza onak eta txarrak adierazteko».
La consejera de Cultura, Miren Azkarate, hizo ayer un llamamiento a la ciudadanía que tenga documentos, fotografías, filmaciones o publicaciones sobre la Guerra del 36 para que se ponga en contacto con el Centro de Patrimonio Documental Irargi. La intención de Lakua es proceder a la digitalización, catalogación y, si así se quiere, conservación de este material en el futuro Archivo Histórico Nacional de Euskadi. Por otro lado, Azkarate dijo que aún no han recibido respuesta a la reclamación oficial para que devuelvan los papeles del Gobierno Vasco republicano que posee el Archivo de Salamanca
K.A.
Inazio Mujikaren narrazio laburra euskaraz dago, baina gaztelaniazko itzulpenarekin batera dator. Horri 36ko gerrako 40 argazki gehitu dizkiote. Argazki horiek Irargi zentroan daude gordeta.
Protagonista gudari bat da, Kuireka izenekoa. Adiskide bat egin du gerra garaian, kazetari ingeles bat. Biek Carlton hotelean topo egingo dute, Eusko Jaurlaritzaren egoitzan, Bilbo erori aurreko gauean.
Izenburua: «Sagarrak Euzkadin»
Egilea: Inazio Mujika Iraola
Itzultzailea: Gerardo Markuleta
Argitaletxea: Alberdania
Argazkiak: Blasco Olaetxea eta Bidasoa artxiboak