GARA > Idatzia > Ikusmira

Mugaz haraindiko lankidetza hitzarmen lausoaren dohainak eta akatsak

Iragarri bezala, atzo Gipuzkoako Aldundian Akitaniako Eskualde Kontseiluak, Ipar Euskal Herriko Hautetsien Kontseiluak, Pirinio Atlantikoetako Kontseilu Nagusiak, Lakuako Gobernuak eta Aldundiak berak I Euroeskualde Biltzarrean parte hartu zuten. Bertan sinatu zuten mugaz haraindiko lankidetza hitzarmenak elementu positiboak ditu, dudarik gabe, Bidasoaren bi aldeetakoherritarrentzat, alde praktikoa kontuan izanik. Baina baita horiei eta euskal herritar guztiei ezarritako muga administratiboaren absurdua nabarmen uzten duelako. Alderdi praktikoari dagokionez, besteak beste zerbitzuetan edo garraioetan nabarituko dute eta, oro har oztopo administratibo asko gainditu ahal izango dituzte. Ona da esparru horretan aurrera egitea, herritarrak aspaldi handitik doazen norabidean, hain zuzen.

Baina, bestalde, atzoko biltzarrera iristeko 15 urte behar izan dituzte, eta denbora horretan instituzio horien arteko bileretan ez dute konkrezio argi askorik lortu. Izan ere, jakina da hitzarmenean parte hartu duten instituzioek eskuduntza mugatuak dituztela, Estatu frantsekoak bereziki, eta, beraz, Ipar Euskal Herriaren estatus falta eragozpen handia da hitzarmenaren markoan hartzen diren erabakiak gauzatzeko. Esanguratsua da Estatu frantsesa, biltzarrean ordezkatua izan bada ere, gonbidatu gisa, begirale gisa baino parte ez hartzea egitura horretan, eta inplikazio falta horrek proiektu asko asmo hutsean utziko ditu. Hartara, urte hauetako lan hori diagnosira mugatuta geratzeko arrisku erreala du. Bidasoaren bi aldeetako eta Euskal Herri osoko biztanleriaren harreman naturalek, merkataritza, hizkuntza, kultura eta abarren esparruetan, islatuta egon behar dute administrazio arloan; ezinbestekoa da, baina, hitzarmen horrek ekarriko dituen aurrerapauso positiboak ukatu gabe, beste batzuek -askoz eraginkorragoak eta euskal herritarrek maila praktikoan ez ezik identifikazio mailan ere behar dituztenak- gauzatu ahal izan gabe segituko dute. Hori guztia Euskal Herriaren zatiketaren ondorio baino ez da, jakina. Nolanahi ere, eta esandako alde positiboez gain, lankidetza hitzarmen horrek badu dohain bat: agerian, ageriago, jartzen du herri honentzako nazio marko baten beharra, ezin du estali Euskal Herriaren nazio aitortza daukan estatusaren beharra. Eta, paradoxikoki, hitzarmenaren norabideak berak kolokan jartzen du etorkizunari begira bere izatearen arrazoia, Euskal Herriak nazio estatusa aitortuta, ez bailuke horrelako euroeskualde edo antzeko egituraren beharrik izango.

Laburbilduz, lankidetza hitzarmena praktikotasunari begira, neurri batean, aurrerapausoa da, baina iluna. Eta aldi berean argia, euskal nazio markoaren ezinbestekotasuna nabarmentzen duelako.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo