Mikel Aramendi Kazetaria
M*A*S*Hetik WRAMCerako aldea
Badira hiru dozena urte Robert Altmanek M*A*S*H (izarñoak ez dira alferrikakoak, edukidunak baizik) filmarekin Canneseko sari nagusia irabazi zuela, lehentxeago Richard Hooker izengoiti pipertsua zerabilen Hornberger medikuaren nobela abiapuntutzat hartuta. Koreako Gerrako MASH-Mobile Army Surgical Hospital haiek ematen zioten izena Altmanen komeria beltzari, baina memeloenak ere uler zezakeen askoz hurbilago zegoen Vietnamgo gerrari buruzko irribarre mingotsa zela kaiku haiek eragiten zutena. Filmaren arrakastak, hamaika urtez luzatuko zen izen bereko telesailaren hastapena erakarri zuen, eta haietako azkenak telesail emanaldi baten ikusle marka ezarriko zuen Estatu Batuetan 1983ko otsailaren 28an. Hegemonia kulturalaren halabeharrez, ikuskizunaren sustraia eta testuingurua nekez uler genitzakeen milioika lagunek ere ikusi genituen telesaio haiek.
Koreako MASHetan edota Vietnamgo gerrako ospitale eta elbarri-zaindegietan jazotzen ziren kirtenkeria taxugabeak egungo gerra teknifikatu eta ezin garestiagoen baitan ere halatsu gertatzen aritzea posiblea zela susmatzen genuen batzuek kanpotik. Inperioek aski desberdinki zaindu dituzte beren nagusitasuna bermatzen duten tropak historian zehar, baina bada irizpide orokor argi samarra: zenbat eta mertzenarioagoak, orduan eta arreta eskasagoa jasoko dute tropek. «WRAMC eskandalua» deitu dutenak guztiz baieztatu digu aurretiazko errezeloa.
Washingtongo Walter Reed ospitale militarra ospetsua zen garai batean (Altmanek M*A*S*H egin zuenean, adibidez), Estatu Batuetako indar armatuetako kideen osasundegi gorena, puntakoena zelako. Han eman zituen azken egunak Eisenhower jeneral eta presidente ohiak 69an, eta bertan hilko ziren II Mundu Gerrako beste buruzagi militar estatubatuar gehienak ere. Orain, Walter Reed Army Medical Center bilakatuta, edozein MASHen antzeko giza-albaitaritegia baino askoz gehiago ez dela ikusi dute estatubatuarrek, «Washington Post»ek argitaratu berri dituen erreportajeei esker: zikinkeria edonondik, arratoiak bazterretan, arreta gabezia lotsagarria...
Eta biziki haserretu dira, ezin omen delako horrelako zabarkeriarik ameti herriaren alde odola isurtzen dutenekiko. Eta Weightman jeneral-zuzendaria agintetik kendu egin dute. Beren gabezien bizkarretik barre egiteko gaitasuna ere galtzen ari dira.