GARA > Idatzia > Euskal Herria

Arrakasta itzela izaten ari da KAIXOMAITIA.COM, euskaraz ligatzeko zerbitzu berria

Olaia naiz eta belar moztu berriaren usaina gustatzen zait. Presaz eta jendez jositako tren eta autobus geltokiak. Kalean paseatzen noala ingurukoei begiratzea eta zein bizitza duten asmatzea. Mutil bat ezagutu nahiko nuke, eta elkar ulertzen ote dugun probatu.

Maider IANTZI

Gero eta arrakastatsuagoak dira harremanetarako webguneak, baina orain arte ez zegoen propio horretara zuzendutako euskarazko orrialderik. Horrexegatik erabaki zuen Iñigo Arandiak orain dela urte batzuk kaixomaitia.com zerbitzua sortzea, merkatu euskaldun bat ere badela konturatu zelako. Azken bi urteotan ideia garatzen aritu ondotik, joan den otsailaren 14an, San Balentin egunez, paratu zuen martxan proiektua.

Ugari dira ligatzeko webgune eta agentziak, baina Iñigo Arandiak eta bazkide batek gauzatu duten egitasmoak badu berritasunik. «Euskarazko tresna da, eta horrek abantaila handi bat dakar: lokalagoa da eta gertuko jendeak erabiltzen du ¯ohartarazi du lehenengoak-. Frantsesezko edo gaztelaniazko zerbitzuen bidez, ordea, Kordoban edo Parisen bizi den pertsona bat ezagut dezakezu». Bertzalde, horiekin alderatuz, diskrezioa gehiago bermatzen duela nabarmendu du; erabiltzaileak erabakitzen du zer informazio eman nahi duen, argazkirik erakutsi nahi duen ala ez, irudia harpidedunek soilik edo edozeinek ikusten ahalko duen. Diskrezioa babesteko zenbait neurri hartu dituzte: adibidez, heterosexual batek ezin du homosexual baten argazki pribatua ikusi, eta alderantziz. Prezioan ere bada alderik kaixomaitia.com-en eta harremanetarako gainerako webguneen artean. Euskarazko tresna merkeagoa da, merkatua txikiagoa delako eta zerbitzua ere mugatuagoa.

Bi harpidetza mota daude: Osoa ordaindu egin behar da eta Mugatua debaldekoa da. Lehenbiziko bostehun harpidetza osoak ere doan dira. Mugatua eginez gero, datuak ezagutarazteko aukera izanen du erabiltzaileak, baita bertzeenak irakurtzeko ere; ezingo du mezurik bidali eta jaso, ordea. Epeari dagokionez, sei edo hamabi hilabeteko harpidetza egin daiteke. Orrian izen-abizenak eta e-maila paratu behar dira, baina datu horiek ez ditu inork ikusiko. Bere buruaren eta bilatzen duen pertsonaren deskribapenak ere idatziko ditu erabiltzaileak. Informazio hori guztia webgunearen datu-basean sartuko da orduan, eta kudeatzaileek errebisatu eginen dute, gero baieztatzeko edo ukatzeko. Datuak ongi sartu dituen egiaztatuko dute, argazkia egokia den edo ez, deskribapena euskaraz idatzia dagoen. Zerbitzua kalitatezkoa izan dadin lortu nahi dute horrela. Informazioa ontzat emanez gero, erabiltzaileari jakinarazi eta haren esku jarriko dute datu-basea. Zein gizon-emakume dauden ikusi eta, norbait interesatuz gero, mezua bidaltzen ahalko dio, ez bere e-mailaren bidez, kaixomaitia.com-eko zerbitzariaren bidez baizik.

Arandiaren hitzetan, oso erraza eta erosoa da horrelako zerbitzuak erabiltzea; horregatik dute hainbesteko arrakasta. «Parrandan zaude eta pertsona batek erakarri egiten zaitu. Ez duzu informaziorik. Ez dakizu bikote-laguna duen ala ez, homosexuala edo heterosexuala den, jendea ezagutzeko gogoz dagoen. Harremanetarako webgunean, berriz, norbait gustatzen bazaizu, baduzu bere berri eta badakizu zu bezala bikote bila dabilela. Ukazioari izaten zaion beldurra ere deuseztatu egiten da Interneten. Taberna batean lehenengo pausoa eman eta baztertu egiten bazaituzte, kolpea jasotzen duzu. E-mail bat bidali eta erantzunik ez jasotzea ez da hain traumatikoa», azaldu du. Gaur egun aisialdirako denbora gutxiago daukagula dio webgunearen sortzaileak, batez ere adin batetik aurrera. Hortaz, 30 urtetik gorakoek erabiltzen dute gehien kaixomaitia.com, ez direlako besta egitera lehen bezainbertze ateratzen, edo koadrilako gehienek bikotea dutelako, edo bereizi egin direlako.

Emakume dibortziatu baten e-maila

«Interneten jendeak ez du gezurra bertzerik erraten», pentsa dezake norbaitek. Iñigo Arandiaren arabera, gezurra gezurtiak erraten du, bai Interneten eta bai hortik kanpo. Gainera, zerbitzua ordaintzen duenak bertze motibazio batzuk dituela uste du. «Beharbada, egia puztu dezake, baina ez du gezurrik idatziko. Txatetan gertatzen da hori gehiago; txatetara sartzen da gehiago jendea denborapasa, jostatzera, irri egitera». Hasierako egunetan helburu horrexekin sartu zen gaztetxo ugari kaixomaitia.com-en; baina egun batzuk pasatu dira eta bertze joera bat nabaritu du sustatzaileak. «Jendeak bere burua deskribatzen du eta zer bilatzen duen argitu; ez dut gezurretan ari diren sentsaziorik. Bestetik, zerbitzuak zintzo hitz egiteko aukera ematen du. Aurrez aurre egon baino lehenago, argi uzten du bakoitzak zer nahi duen».

Emakume dibortziatu baten e-maila jaso berri dute kaixomaitia.com-eko kudeatzaileek. Pozik dagoela aitortu die, pertsona batekin mezuak trukatu dituelako eta gelditu egin direlako. Andre horrek bezala, bertze hamaika pertsonak ere antzeko zerbitzuak erabiltzen dituela baieztatu du Arandiak, «jendeak pentsatzen duena baino askoz gehiagok, nahiz eta aitortzeak oraindik ere lotsa pixka bat ematen digun».

harpidedun

10 egunetan 200 lagun harpidetu dira kaixomaitia.com-en. Erdiak gipuzkoarrak; laurdenak bizkaitarrak.

GIZARTEKO AURREIRITZIEK ERE BADUTE ISLA WEBGUNEAN: LAU ERABILTZAILETIK HIRU GIZONAK DIRA

Zerbitzu jaioberria izan arren, kaixomaitia.com-ek 200 harpidedun ditu honezkero. Lautik hiru gizonezkoak direla jakinarazi du Iñigo Arandia sortzaileak, baita orokorrean andreak zaharxeagoak direla ere. «Mutil dezentek jarri du argazkia -batzuek publikoa, gainera, inongo konplexurik gabe-, baina ia neska batek ere ez. Desberdintasun handia nabari da, aurreiritziengatik, nik uste. Gizarteari ez zaio oso ondo iruditzen emakumeak bikote bila aritzea. Gizartearen ispilu da zerbitzua», ohartarazi du. Maider IANTZI

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo