Sinn Fein, Irlanda batura begira
Asteburu honetan, Ipar Irlandako hauteskundeen atarian, Dublinek Ard Fheis, Sinn Fein alderdi errepublikarraren bilera nazionala, hartu du. Bilera Irlandaren etorkizunerako momentu garrantzitsu honen gainean gogoeta egiteko gunea izan da. Asteazkeneko hauteskundeak Ipar Irlandako gobernuan parte hartzeko bidea dira, Sinn Feinen asmoa bai horretan eta bai Irlandako Errepublikako administrazioan ere parte hartzea baita, errepublika eta gobernu nazionalak sortzeko bidean. Ikusteko dago, ordea, DUPeko unionistak gobernua partekatzeko prest agertzen diren.
Sinn Fein Irlandako prozesu politikoaren protagonista da, zalantzarik gabe, eta haren bultzatzaile nagusia. Haren kontrako jazarpen eta kriminalizazio egoera luze batetik Irlanda batuaren ametsa errealitate bihurtzeko agente nagusia izatera igaro da denboraren joanean, borroka gogor baten ondorioz. Eta helburura iristeko batzuetan erabaki zailak hartu behar direnaren adibide argia dugu. Izan ere, Saint Andrewsko Akordioa betetzeko Polizia Zerbitzua onartu behar izan zuen, Ipar Irlandako autonomia berriz ezarri arte Poliziaz arduratuko den batzordean parte hartuko ez duen arren. Erabaki gogorra izan zen eta seguruenik zalantzak eragingo zituen errepublikarren artean, baina, Gerry Adamsek esan zuenez, ondoren Irlandaren onerako izango den erabaki gogorra izan zen. Bestalde, Sinn Feinek bere jokaerarekin erakutsi du Irlandar nazioaren alde eta bakearen alde apustu sendoena egin duen eragilea dela.
DUPeko unionistek hauteskunde ostean erakutsiko duten jarreraren zain, Sinn Feinek aurrera segitzeko asmoa agertu du, haiek gobernua partekatzeari uko eginda ere. Nolanahi ere, unionistak ere prozesuaren parte izatea nahi du alderdi errepublikarrak. Unionistek antzeko jarrera erakutsiko balute, etorkizun errazagoa eta itxaropentsuagoa izango luke Irlandak.
Eta itxaropentsu atera bide dira Ard Fheis bileratik munduko hainbat herritako ordezkariak, Sinn Feinen elkartasuna aldean eta, ibilbide luze eta sarritan latz baten ondorioz, herri baten askapen prozesua, mantso baina geldiezin, aurrera doala ikusita.