GARA > Idatzia > Zinema

Umore ukituz landu du Gorritibereak grebaren laztasuna lehen film luzean

Gizarte drama eta umore ukitu bereziz jantzitako euskarazko «road movie"a estreinatuko da gaur Euskal Herriko zinema aretoetan. Alberto J. Gorritibereak «Eutsi!" bere lehen film luzean greba orokorren gaia landu badu ere, bi protagonisten adiskidetasun berezia du mintzagai. Genero bakarra hartu beharrean, pertsonaietatik abiatuta eraiki du filma eta, hartara, Anjel Alkainen pertsonaiak eman dio umore ukitua bertan islatzen den egoera latzari.

Amalur ARTOLA | DONOSTIA

Kepa (Anjel Alkain) eta Martin (Asier Hormaza) erabaki garrantzitsua hartu beharrean daude; lan egiten duten Saldix Corp. enpresak bi urte daramatza greban eta, aurrera edo atzera egiteko unea iritsi zaienean, euren aldarrikapena Tourrera eramatea erabaki dute. Eta ez nolanahi, gainera: hara joateko autoa behar eta enpresakoa lapurtzea bururatuko zaie. Autoan, langileei arrazoia ematen dien kontu ikuskatzea daramate, beraiek ez dakiten arren. Saldixeko kudeatzailea atzetik abiatuko da horiek berreskuratzeko.

Gisa horretan ematen zaio hasiera «Eutsi!» film luzeari, Alberto J. Gorritiberearen lehena eta azken urteetan euskara hutsean egin den hirugarrena. Gidoia lantzeko Unai Iturriaga bertsolaria izan du lagun eta, aktore gisa, Anjel Alkain eta Asier Hormaza telebistan umorea lantzen ibilitakoak -biak zineman ibiliak ere badira-, Oihana Maritorena -«Goenkale» telesaioan aritua eta «Eutsi!»n protagonistekin joango den kazetariaren papera egiten duena-, Nagore Aranburu -«Zeru horiek»-en ikusi genuen orain gutxi «Wazemank»-eko antzezlea- eta Kandido Uranga -besteak beste, «Yoyes» eta «Vacas» filmak egin ditu eta bere azken lana «Bosque de sombras» da- izan dira. Tartean, ETBko albistegietako aurkezle sorta eta Afrika abeslaria ere ikus daitezke, azken hau udaltzain lanetan.

Irusoin eta Baleukok ekoiztutako filmak darabilen gaia -langileen bizitzan greba orokorrak duen eragina, alegia- gizarte dramaren barnean koka badaiteke ere, umore ukitua du filmak. Gorritiberearen hitzetan, euren asmoa ez zen genero bakarrera mugatzea: «Pertsonaiekin jokatu dugu, bakoitzak bere izaera du eta horren arabera ditu filmak umore edo drama puntuak». Adibide gisa, Martinek filman lortzen du aitatasuna, Gorritibereak azaldu du bera ere orain gutxi izan zela aita eta filmetako bizpairu segundoko erditzeekin amaitu nahi zuela. Hartara, Mariak (Nagore Aranburu) filmaren bidez helarazi nahi diren sentsazioak hitz bilakatuko ditu erditzean. Umorea, aldiz, Alkainen pertsonaiak jartzen du. Hartara, sentimenduez mintzo den filmea osatu du, adiskidetasuna, kirol zaletasuna, berrogehi urteren mugan izaten omen den krisia, amodioa... Guztia pertsonai sorta baten bidez. Esperientziarekin gustura, hurrengo filman ere hemendik hasi nahiko lukeela esan du zuzendari zumaiarrak.

«Eutsi!»-ri forma pertsonaiek eman badiote ere, eszenatokiek garrantzia handia izan dute. Filmaketa berrogei lekutan egin dute, Pasaian eta Donostialdean nagusiki, baita Lezon edo Esako urtegian ere. Euren «Tour partikularra» Lizarraga mendatean antolatu zuten, Saldix enpresa Mallabiako Orbea da errealitatean eta gune nagusiaren irudiak Pasaiako portuan hartutakoak dira, bisualki industrialdea bilatzen baitzuen zuzendariak. Alkain eta Hormazaren ustean, hainbeste kokalekurekin jokatzeak zaildu egin du filmaketa -filma road movie gisakoa delako- eta, diru-laguntzak jaso dituzten arren, aurrekontu mugatuak ere eragina izan omen du: «Aurrekontuek markatzen dute erritmoa, eta kasu honetan ez da salbuespenik egon», azaldu du Hormazak. Alkain, zuzendariaren lanaz aritu da: «Albertok zeuden baliabideekin egin behar zuen filma, egokitu egin behar zuen. Eta guk, aktore bezala, kondizio horietan egin behar genuen lan. Guztia kontuan hartuta, lan duina egin dugula uste dut». Izan ere, filmaketa sei aste eskasetan egin behar izan dute, eguneko ordu ugari sartuz Alkainek aipatutako lan duin hori gauza ahal izan zedin.

«Zinea egin du; ez telebista»

Alde ederra dago telebista edo zinema egitearen artean, pertsonaiak lantzetik hasi eta filmaketa prozesuraino. Gorritiberearen lana goraipatu eta lanean gustura aritu direla nabarmendu dute aktoreek. Alkainen hitzetan, «zinea egitea lortu du. Ez du telebista egin. Eta hori uste baino zailagoa izaten da». «Gauzak oso argi eta kontrolatuta egon dira eta, orduan, epeak ere bete egin dira. Lan egiteko orduan hori asko nabaritu dugu», esan du Hormazak.

Euskal Herriko estreinaldiaren ostean, Madril eta Bartzelonan aurkeztuko dute «Eutsi!» -euskarazko azpitituluak jarrita, oraingoz ez baitago gaztelerazko bertsioa egiteko asmorik- eta, Gorritiberearen hitzetan, «horren ostean pauso berriak sortzea espero dugu».

SOINU BANDA

Oihuka disko etxeak filmeko soinu banda kaleratuko du. Bingen Mendizabalek jarri du musika eta diskoak hiru abesti bilduko ditu, Gose, Potemkin eta Evaristok landutakoak. Bilboko Elkarren izango da aurkezpena, gaur eguerdian.

BIDEOKLIPA IKUSGAI

Gose taldearen «Azken eslogana azken putakumearentzat» kantutik abiatuta egin dute filmaren promoziorako bideoklipa, duela aste batzuetatik hona sarean ikus daitekeena (lotura www.gose.info orrian).

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo