GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

bihartik, paperean eta interneten

Informazio eta komunikazio proiektu berria sortu du GARAk: GAUR8

GARAk informazio eta komunikazio proiektu berria aurkeztuko du bihar, paperean eta Interneten: GAUR8 eta www.gaur8.info, euskarri biak ahalegin berean uztartuko dituen proiektua eta euskararekin dugun konpromisoa indartuko duena. Edukietan, ikuspuntuetan eta trataeran kazetaritza eredu berritzailea abiarazi nahi dugu, mila leiho zabalduz papera eta Interneten artean sortu nahi dugun elkarrizketa desberdin honi, GAUR8ren izen eta izanarekin.

Josu JUARISTI | DONOSTIA

GARAn hasi berri dugun berrikuntza prozesua iragarri eta aurkeztu genuenean, aipatu genuen hausnarketa luze eta zabal baten ondorio zela, eta hausnarketa horrek, etxeko atal edo departamentu guztien funtzionamendua kontuan hartzeaz gain, komunikabideen eta geure gizartearen beraren inguruko ikerketak izan zituela hizpide. Hizkuntza, piramide generazionala, generoa eta immigrazioa landu genituen bereziki, eta emaitzak etxe barruko hausnarketekin, asmoekin eta ideiekin gurutzatu genituen.

Gaur esku artean duzuen GARA hau -otsailaren 4an berritu genuena, alegia- horren lehen isla da, baina gauza gehiago iragarri genizkizuen, sorpresatxo bat iragarri genizuen bereziki. Eta prestatzen ari ginen sorpresa gaur serio eta formal, eta ilusio handiz, aurkezten dizuegun proiektu hau da: GAUR8k eta www.gaur8.info-k ahalegin berean osatzen dutena.

GAUR8k komunikazio talde oso bat du bere atzean, eta, era berean, informazio eta komunikazio proiektu berria izan nahi du, egunak eta asteak pasatu ahala, indartu eta osatu nahi dugun proiektua.

Iragarri dugun bezalaxe, papera eta Internet uztartuko ditu GAUR8k eta, poliki-poliki, euskarri bien arteko komunikazio desberdina sortu nahi du, solasaldi horri duen ahalmen edo gaitasun osoa atera arte. Utziko didazue, beraz, pazientzia pixka bat eskatzen, bihar lurreratuko baitugu, eta hortik aurrera gero eta gorago aireratzen saiatuko baikara.

Papera eta Internet uztartuz

Piramide generazionalaren bilakaerari heldu eta joera horri erantzun nahi dio GAUR8k, joerei kasu eginez joerak markatzen saiatuz. Plusa eskaintzen saiatuko gara, edukietan, ikuspuntuetan eta informazioen trataeran dugun onena emanez.

Gure hizkuntzak mugarik ez duelako, euskaraz aritzeak, irakurtzeak, beste zerbait ezagutzeko ere balio behar duelako. Eta, gainera, tentatu nahi zaitugu, desberdintasun txikiek finkatzen duten desberdintasuna bilatuz, herritik kanpora atereaz eta kanpotik eguneroko kontuetara. Gaietan eta enfokeetan asmatu nahi dugu, poliki-poliki, Interneten eta paperean, ibilbide propio bat finkatuz. Denbora pixka bat beharko dugu, geure erritmoan, baina ilusioa gainezka dugula gatozkizue proiektu berri honekin, eskaintza informatibo eta komunikatiboan geure ekarpentxoa egiteko asmoz, euskararekin dugun betiko konpromisoan beste urrats kualitatibo bat eginez.

Badakigu ez dela erraza, blogariekin herenegun gauean izan genuen lehen harremanean ohartu gintuzten sarearen errealitateaz, komunitatearen neurriaz, baina iradokizunak ere jaso genituen, laguntza, eta horrekin gustura, horri guztiari etekinik handiena ateratzeko asmoz eta gogoz.

Egitura

GAUR8ren diseinuan, esan bezala, papera eta Internet uztartu nahi ditugu. Bakoitzean bere izaera izango du, baina, bi euskarriotan garatzen doan heinean, euskarri bien arteko elkar elikatze bat izango da, eta hori gerta dadin bi oinarri jarri ditugu: GAUR8ko lan-taldearen lana, eta zuen parte-hartzea bultzatzeko sarean jartzen joango garen arrazoiak.

Interneten, www.gaur8.info-n, eguneko bizpahiru berri nagusiak aipatzeaz gain, idatzizko edizioa eta geure blogariei eskainitako tarte berezia aurkituko duzue. Eta, poliki-poliki, lantzen ari garen beste elementu eta aukera batzuk gaineratzen joango gara.

Hor sortu nahi genuke, bereziki, trenkatu nahi dugun elkarrizketa desberdin hori, komunitatearekin parte hartuz eta geure ekarpentxoa eginez bera handitzeko, sendotzeko. Papera dugu, gainera, bigarren euskarria, eta akuilu lana ere emango diogu, uztartze lan horretan, solasaldi horretan, bultza dezan.

Paperezko GAUR8 larunbatero izango duzue kioskoetan, GARArekin batera. Segituan ohartuko zarete ez dela ohiko formatu batean etorriko, eta diseinua ere asko landu dugula. Hasiera batean, oinarrizko diseinua erakutsi nahi izan dugu, hurrengo aleetan eman nahi diogun bilakaeraren lehen ispilu gisa, alegia. Berezitasun dezente ditu -kolorearen erabilera, esate baterako-, eta ezaugarri markatuagoak izango ditu, oraindik, ondorengo aleetan.

Hiru sekzio nagusi ditu. Kanpora begira jarriko gara hasierako orrietan; geure herriari erreparatuko diogu erdikoetan, eta sareari eta jendearen bizitzari lotutako gaiak landuko ditugu bukaeran.

Finean, GAUR8 izenak berak duen izanaren berri ematen digu, eta horri etekinik handiena ateratzen saiatuko gara: asteak eman duena aztertuz eta, bereziki, hurrengoak emango duena adieraziz. Horrekin batera, jakina, istorioak eskaini nahi ditugu. Eta, beste ezaugarri nagusi bezala, GAUR8k izango dituen blogari, zutabegile eta kolaboratzaileak nabarmenduko ditugu, horiek eta inguruan bildu nahi genituzkeen guztiek emango digutelako, lan-taldearen ahaleginarekin batera, proiektu berri honen benetako dimentsioa.

Umiltasunez, anbizio handiz eta edukietan oinarrituz, informazio eta komunikazio proiektu honen izaera eta nortasuna gorpuztu nahi ditugu, GARAk zortzi urteotan egindako bidean salto kualitatibo bat emanez, ibilbidea eginez.

GAUR8-ren lAN-TALDEA

Proiektua gorpuzteko jende asko aritu da lanean: GARAko lan-taldetik atera diren erredaktoreak, diseinatzaileak, teknikariak, marketingekoak... Komunikazio talde oso baten ahalegina da, berdefinizio prozesu baten barruan.

mila leiho zabalik

Proiektu berriak askoren arteko komunikazioari arreta berezia jarri nahi dio, Interneten irekita dagoen elkarrizketan parte hartuz, aurre egin nahi diegun erronkei heltzeko tresna eta baliabide berriak finkatuz eta aberastuz.

elkarlana

Interneteko euskal komunitatea indartzeko eta antolatzeko apustua egin nahi dugu, geure ekarpena egin bide hori trinkotzeko, betiere, elkarlanean oinarrituta. Horrek berebiziko garrantzia du guretzat.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo