GARA > Idatzia > Gutunak

Enrike Zelaia, Castillo Suarez, Javier Razkin «Rubio» eta Iban Escudero

Milakabilaka Sakanan: herritarren garaia da

Duela aste batzuk aurkeztu da Milakabilaka ariketa jendaurrean. Ariketa horretara bildu dira Euskal Herriko sektore, iritzi, adin, eskualde... ezberdinetako norbanakoak luzatzen ari den gatazka politikoarengatik arduratuta; eta, hura gainditzeko, aldarrikapen bakarra egin dute: errespetua. Euskal herritarren erabakiari: Euskal Herriaren etorkizunaz erabakitzeko ahalmena euskal gizon zein emakumeei, dagokie. Errespetua herritar guztien eskubideei: Konponbideak eskubide guztiak onartzea dakar, norbanakoaren eskubideak zein kolektiboak. Errespetua, Euskal Herriari: Konponbidea lortuko bada, Euskal Herri osoa aintzat hartu behar da Euskal Herria osotasuna baita.

Ezintasuna eta itxaropen eza dira nagusi gurean, baina erauzi egin behar ditugu gainetik, herritarrok ez baikara trenari begira geratzen garen behiak. Milaka eta milaka gara Euskal Herriaren etorkizuna herritarren erabaki askean oinarritu behar dela uste dugunak. Horretarako, herritarren hitzari bide eman behar zaio. Arau bakarra du Milakabilakak: gu guztion eta bakoitzaren borondatea izango du. Eta borondate horien batuketak ekarriko duen indarra erabiltzea helburu.

Milakabilaka ariketa eskualdeetarako jauzia egiten ari da asteotan. Horrela, Euskal Herriko eskualdeetan aurkezpenak egiten ari dira. Sakanakoa martxoaren 25ean eginen da Altsasuko Iortia kulturagunean. Deia egiten diegu Milakabilakaren aurkezpenera etor daitezen behin betiko bakea elkarrizketaren bidez lortuko dela uste duten guztiei. Egun horretan, gainera, Milakabilakaren kamioia egonen da Iortiako kulturagunearen aurreko aldean bertaratuek banaka, binaka, taldeka... argazkiak atera ditzaten errespetua aldarrikatzeko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo