GARA > Idatzia > Kultura

Unai Agirrek irabazi du aurtengo Orixe Bertso Txapelketa

Hamaikagarren Orixe Sariko finala jokatu zen igandean Añorgan. Unai Agirre hernaniarrak jantzi zuen txapela, giro politean buruturiko emanaldian. Berarentzat izan zen, era berean, kartzelako ariketan botatako bertso onenarentzat Amassorrain ikastolaren garaikurra.

GARA | DONOSTIA

Igandean jokatu zen Añorgako Kultur Kirol Elkarteak (AKKE) urtero antolatzen duen txapelketako finala. Sei bertsolari aritu ziren lehian eta, azkenik, Unai Agirrek eskuratu zuen Orixe Saria. Hernaniarra 362,5 punturekin gailendu zitzaien gainerako bertsolariei.

Irabazleak bi puntu eta erdiko aldea atera zion Iker Zubeldiari. Zegamarrak 360 puntu lortu zituen. Hirugarren Nahikari Gabilondo sailkatu zen, 344 punturekin, eta Iñigo Manzisidor Mantxi izan zen laugarren, 336 puntu jasota. Iñigo Izagirrek 335 batu zituen eta Ibai Esoainek, berriz, 333,5 puntu.

Aretoa beteta jardun ziren bertsolariak, berrehun bat lagunen aurrean. Unai Agirre segurtasun handiarekin jardun zen emanaldian zehar eta maila ona erakutsi zuen.

Kartzelako lanean ederki nabarmendu zen txapelduna eta horrela, Amassorrain ikastolak ematen duen saria ere berarentzat izan zen. Ikastetxeak kartzelako lanean kantatutako bertsorik onena saritzen du, entzulegoaren laguntzaz. Publikoak aukeratzen du bertso hori bozketa bidez.

Ama baten larruan jarri behar izan zituzten euren buruak bertsolariek kartzelako lanean. Alabaren «Ama, non dago aitatxo?» galderari erantzun behar izan zioten, gai-jartzailearen proposamenez.

«Non dago aitatxo?»

Bertsolari bakoitzak oso modu desberdinean egin zion aurre egoerari. Unai Agirrek, esaterako, heriotza tragikoa aukeratu zuen neskatoaren aitarentzat: «Istripu batek eraman zuen, zer e(g)ingo diozu horri/ Biak batera gertatu ziran, hura joan (e)ta zu etorri» kantatu zuen.

Iñigo Manzisidor banandutako amaren paperean jarri zen eta alabari aita haren alboan zergatik ez zegoen azaltzen ahalegindu zen.

Bikotearen berri ez duen emakumea bilakatu zen Iker Zubeldia: «Egun batean motxilarekin alde egin zu(e)n nonbaite(r)a/ neuk e(re) ez dakit ziur zein zan (e)ta lo hartu (e)zazu maitea» bota zuen.

Azken bi bertsolari horiek futbol jokalarien paperean jarri ziren hamarreko txikiko ariketan. Martxa eskasa daraman futbol taldeko kide bezala kantatu zuten, pil-pilean dagoen gaia agertokira eramanez. Ongi moldatu ziren eta umoreari ere tartea egin zion bikoteak.

Puntuari erantzuteko orduan antzera ibili ziren finaleko sei bertsolariak.

Saioaren amaieran Joxe Mari Aranalde euskaltzalea izan zuten gogoan. Aranalde 2005ean zendu zen, 72 urte zituela. Bere lana, euskararen eremuan, bertsolaritzari oso lotua izan zen. Hamaika bertso idatzi zituen eta urtetan bertso-jartzaile lanak egin zituen. Orixe bertsolari-lehiaketaren hasierako antolatzaile izan zen.

Euskaltzaindiak Azkue Sariak banatu ditu idazle gazteen artean

Euskaltzaindiak eta BBK Fundazioak gazteak literaturara erakartzeko xedea duten Azkue Sariak banatu zituzten atzo Bilbon. Hamaika eta hamalau urte bitarteko sortzaileen taldean, Itsasuko Mailen Dagorreten ``Liburuaren sekretua''k eraman zuen narrazio alorreko lehen saria. Olerkiaren arloan, Leire Arenas azpeitiarra nabarmendu zen ``Nire burutik'ekin. Hamabost eta hemezortzi urte bitartekoen taldean, berriz, Izar Azpirozen ``Trapuzko panpinaren egunerokoa'' eta Haizea Alvarezen ``Prefabrikatutako ametsak bide itxietan'' izan ziren saridunak, narrazioan eta olerkian, hurrenez hurren.

GARA

SEIKOTEA LEHIAN

Unai Agirrek eskuratu zuen txapela 362,5 punturekin. Aurrez aurre izan zituen Iker Zubeldia (360), Nahikari Gabilondo (344), Iñigo Manzisidor (336), Iñigo Izagirre (335) eta Ibai Esoain (333,5) bertsolariak.

ARANALDE GOGOAN

Añorgako Kultur Kirol Elkarteak Joxe Mari Aranalde euskaltzalea izan zuen gogoan igandeko finalean. Bere lana, euskararen eremuan, bertsolaritzari oso lotua egon zen eta Orixe Saria antolatzen jardun zen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo