GARA > Idatzia > Ekonomia

Ezker Abertzaleak Ekarpen Legea atzera botatzeko eskatuko du

Ezker Abertzalea taldeak Ekarpen Legea atzera botatzeko eskatuko du Gasteizko Legebiltzarrean. Haren ustez, lege horrek gaur egun dagoen «desoreka itzelari" eusten dio baliabideen banaketan, Lakuak diru gehiena bereganatzen duelako, diputazioen eta udalen kalterako.

GARA |

Ezker Abertzalea legebiltzar taldeak Ekarpen Legearen egitasmoa Lakuako Gobernuari itzultzeko eskatuko du, atzo talde horrek ohar batean plazaratu zuenez. Diputazioek Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontuetan zenbat diru jarri behar duten ezartzen du Ekarpen Legeak. Legebiltzarrean eztabaidatuko duten egitasmoak 2007 eta 2011 urteak bitarteko ekarpenak arautuko ditu. Helburu horrekin hainbat ekimen egin ditu Gasteizko Legebiltzarrean Ezker Abertzaleko taldeak.

Ekimen horren arabera, koefiziente bertikala -dirua diputazioak Gobernuaren artean banatzen duena- ez dagokie erakunde bakoitzak dituen eskuduntzei.

Gobernuak aurkeztutako egitasmoaren arabera, Lakuak zergen bidez bildutako diruaren %70,04 eramango du, eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako diputazioek gainerako %29,96a. Dipuazioen kopuru horren barruan udalek jasoko dutena ere badago. Orain arte, Lakuak %70,44 eramaten zuen.

Ezker Abertzalearen arabera, egoera horrek «desoreka itzela» sortzen du, batez ere udalen finantziazioan.

Baliabideen desoreka

Bere ustez, finantzazio hori gaizki antolatuta dago lehenengo Ekarpen Legea onartu zutenetik, proportziorik gabeko eredua erabili zuelako. «Horren ondorioz, diputazioek, udalek eta beste tokiko erakundeek defizit kronikoa dute; Lakuako Gobernuak, ordea, baliabide ugari du», adierazi zuen talde abertzaleak.

«Antolaketa hori ez dator bat zentzuzkoa den eskuduntzak-baliabideak ekuazioarekin», azaldu zuen. Bere ustez, gaur egun indarrean dagoen politikaren ereduan, Gobernuak baliabide gehienak bereganatzen ditu gero bere interes politikoaren arabera banatzeko.

«Modu horretan, udalek Gobernuarekiko mendekotasun handia dute, Ezker Abertzaleak defendatzen duen udal autonomiaren printzipioaren kalterako», esan zuen.

Bestalde, talde abertzalearen iritziz, lege egitasmoa «iruzurra» da, ez duelako banatzen herritar guztien zergen bidez bildutako diru guztia. «Milioika euro ahazten dira zenbaketa horretan. Estatuari guztion artean Kupoaren bitartez ordaintzen dioguna -Koroa, Armada espainola edo Guardia Zibila ordaintzeko-», salatu zuen.

Azkenik, Ezker Abertzaleak Kupo likidoa nola kalkulatzen den zalantzan jarri zuen. Izan ere, oraindik 2007 eta 2011 urteak bitarteko Kupoa arautuko duen legearen inguruan hitzarmenik ez dago.

iruzurra

Ekarpen Legea herritarrentzako «iruzurra» da, Ezker Abertzalea taldearen ustez, ez duelako zergen bidez bildutako diru guztia banatzen. Estatuari Kupoaren bitartez ordaintzen zaiona ahazten du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo