Etxeberri eta Istillarte bigarren fasean dira
J.L. | DONIBANE GARAZI
Etxeberrik eta Istillartek lortu zuten garaipena atzo Donibane Garazin, eta bigarren fasea jokatzeko txartela eskuratu zuten. Muskarditz eta Dermit ziren faborito, baina azkenean, beste bikoteak lortu zuen garaipena.
Etxeberrik eta Istillartek lortu dute beren helburua, izan ere bigarren fasera inork baino partida gehiago jokatuta helduko dira. Bi partida irabazi behar zituzten bigarren fasean sartzeko, eta horixe egin dute.
Atzoko neurketaren gakoa lehenengo hamar kintzetan egon zen. Tarte horretan Etxeberrik eta Istillartek 10 kintzeko aldea lortu zuten markagailuan 10-o jarrita. Hortik aitzinera Muskarditzentzat eta Dermitentzat ezinezkoa izan zen egoerari buelta ematea.
Hastepenean Etxeberri gazteak min egin zuen botearekin, kintzea lortzen ez bazuen ere, bigarren jokaldirako errematatzea bakarrik geratzen baitzen.
10-0koaren ostean, Muskarditzek eta Dermitek ezinean jarraitu zuten, eta agian, azkarregi ere etsi zuten, 21-34 gibeletik baitziren. Orduan, irabazleek jokoa lasaitu egin zuten eta galtzaileek horixe aprobetxatu zuten markagailua itxuratu ahal izateko.
Bigarren fasea
Bigarren fasea ostiralean bertan abiatuko da. Bi multzotan banatuta arituko dira, bakoitzean hiru bikote izango direlarik. Gero, multzo bakoitzeko lehenengo biak sailkatuko dira finalera.
Lehen multzoan, Waltari-Etxeto, Larretxea-Ezkurra II eta Etxeberri-Istillarte arituko dira, eta B multzoan, berriz, Ibarrola-Kurutxari, Sorhuet-Ozafrain eta Idiart-J.C.Dermit arituko dira nor baino nor.
Ligaxka horretako estreinako jardunaldia ostiralean jokatuko da Zuraiden, 19.00etatik aitzinera. B multzokoak arituko dira bertan, Ibarrola-Kurutxari Idiart-Jean Claude Dermiten aurka neurtuko dira. A multzoko lehen jardunaldia, berriz, igandean jokatuko da Baigorrin, eta bertan Waltari-Etxeto Etxeberri-Istillarteren aurka neurtuko dira 17.00etatik aurrera.
27
40