GARA > Idatzia > Kirolak

PILOTA

Finala non jokatuko den jakitea bakarrik falta da

Aritz Lasa afizionatu urretxuarrak Frontisekin fitxatu du bi urterako

Asier AIESTARAN | DONOSTIA

Bi bikote finalistak ezagutu ostean, datorren martxoaren 25eko final handia non jokatuko den ezagutzea bakarrik geratzen da. Enpresek oraindik ez dute ziurtatu pilotalekua zein izango den, baina badirudi Gasteizko Ogeta izango dela berriz ere hautatua.

Asier Olaizola eta Ruben Beloki izan dira asteburuko garaile nagusiak, Gonzalez eta Pascualen aurka irabazita finalerako sailkartzea lortu baitzuten. Lehen mailako 13. finala izango da Burlatako atzelariarentzat eta laugarrena Goizuetako aurrelariarentzat. Bikote esperientziaduna osatzen dute, beraz, eta txapelketa hasiera erdipurdikoa egin arren, sasoi onean iritsi dira une erabakigarrienera.

Xala edo Beloki

Finalaren atarian, Xala dago Euskadi Irratia Saria sailkapeneko lehen postuan. Lekuindarrak 367 puntu ditu eta bera izan da jardunaldiko pilotaririk onena epaimahaia osatzen duten 21 komunikabideen iritziz, 60 punturekin. Ruben Belokik 59 pilatu ditu aste honetan eta 356 ditu guztira. Aurrelariaren eta atzelariaren artean 11 puntu bakarrik daude eta finalean egindako lanak erabakiko du azken irabazlearen izena.

Bestalde, Aritz Lasa urretxuarrak Frontis enpresa nafarrarekin egingo du debuta datorren maiatzean. 23 urteko gipuzkoarrak bi urterako fitxatu du aipatu enpresarekin eta afizionatu mailan egindako lan ona saritzeko modua izan da. Besteak beste, Lasak Lau eta Erdiko Elite Txapelketa irabazi berri du aurten eta 2006an sekulako garaipen zerrenda osatu zuen: DV Txapelketa, Binakako Elite Txapelketa eta Euskal Liga. Gainera, buruz-buru eta binaka Euskal Herriko Elite rankingean lehen postuan amaitu zuen 2006a.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo