GARA > Idatzia > Kultura

Harkaitz Zubirik hamar narrazioko «Zakur kale" liburua kaleratu berri du

Groseko idazle gaztearen lehenbiziko liburua Susa argitaletxearen bitartez plazaratu da. Hamar narrazioak autonomoak izan arren, batasunik ere badute liburuan. Egungo donostiarrak dira guztietan protagonista.

Izaro AULESTIARTE | DONOSTIA

Harkaitz Zubiriren (Donostia, 1977) lehenbiziko liburua «burgesiaren erretratu» gisa definitu dute, eta baieztapen hori ez du idazleak ukatu. Baina, finean, hiriko jendearen erretratua da «Zakur kale»k eskaintzen duena.

Liburuaren baitan aurki daitezkeen hamar narrazioak Donostian girotu ditu idazle gazteak. Bere asmoa, hain zuzen ere, lana «orain eta hemen» girotzea zen, eta, hartara, hiriburua eta betiere gaur egun gerta daitezkeen kontuak islatu ditu.

Bulego giroko bi enpresetako kideak dira ipuinetako protagonista guztiak; «ezagutzeko modukoak», Zubiriren esanetan. Alegia, «sinesgarritasuna bermatzeko» egin du ezagutzen dituen kontuen aldeko hautua.

Ipuinak erabat errealistak dira, eta idazleak atzo aitortu zuenez, pasadizo batzuk baztertu egin behar izan ditu azkenean, gertatu gertatzen diren kontuak izan arren «fikzioan ez baitziren batere sinesgarriak».

Bestalde, autonomoak badira ere, istoriek badute harremanik euren artean. Idazleak azaldu bezala, pertsonaia batzuk errepikatu egiten dira, eta finean «elkarren artean gurutzatzen» direla ere erantsi zuen. Horrela bada, narrazioek oinarrian duten garaia zein kokapen fisikoa nahiz enpresaren hariak berak ematen die batasuna.

Osterantzean, «Zakur kale» liburuaren izenburuko «kale» hitza ere «gaur eta hemen» adierazteko baliatu du idazleak.

Eta, hauxe gaineratu zuen: «Ipuin guztietan pertsonaiek beren bizitzen nolabaiteko degradazioari aurre egin behar diete, eta hori egitean sortzen den zakurkeriaz ari naiz».

Zakurkeria beti ere «pertsonen kontua» dela argituta, eta ez txakurrena, ipuinetako bizilagunak etorkizun oparoago baten bila dabiltzala, norgehiagokak, azpikeriak, itsukeriak, ustelkeria, arrazakeria... ageri dira. Horra bada izenburuaren esanahia.

«Donostia sinesgarria»

Labetik atera berria den liburua atzo goizean aurkeztu zen Donostian. Bertan, idazlea ez ezik, Susako Gorka Arrese eta Harkaitz Cano idazlea aritu ziren kazetarien aurrean.

Azken horrek berretsi egin zuen «erabat sinesgarriak diren pertsonaiak, identifikagarriak» aurkezten dituela «Zakur kale»k, bai eta guztiak «oso modu erakargarrian» aurkeztuta daudela esan ere. Eta, liburua irakurtzea «sorpresa polita» izan dela nabarmendu zuen.

«Oso liburu donostiarra da, Grosekoa, esango nuke», azaldu zuen. «Urbanistikoki eta soziologikoki donostiarra da. Askotan hiriburua `estorbo' izan daiteke, baina gutxitan ikusi dut Donostia sinesgarri bat liburuetan. Inbidia ematen dit Harkaitz Zubirik, benetan», aitortu zuen.

Orohar, «Zakur kale»n hizkuntza oso zuzena, apaindurarik gabekoa, nabari dela ere zehaztu zuen Canok; «eliptikoa, baina elipsia ekintzari laguntzeko erabilita».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo