GARA > Idatzia > Kultura

Dorleta URRETABIZKAIA Aktorea eta idazlea

Urtetako lozorro iluna

Dorleta URRETABIZKAIA

Aktorea eta idazlea

Tunel ilun batean sartu zuten. Isildu egin ziren bat-batean inguruko ahotsak, kantuak eta poemak. Magia joan egin zen bat-batean. Galderak egin zituen behin eta berriz. Baina ez zen erantzunik iristen. Isiltasuna zen nagusi, besterik ez. Egun batean kaleko oihartzunak entzuten hasi zen, urrunetik zetozen ahotsak heltzen ziren bere belarri lokartuetara. Galderak oihukatu zituen norbaitek entzungo zituelakoan, baina oihartzun haiek ez zuten inolako erantzunik ekarri. Haize bolada batek ekarritako kantu zaharrak bezala eraman zituen berriz ere. Mutu geratu ziren orduan galderetako hitzak. Bakarrik zegoen. Urtetan kolorez betetako hura hutsa zegoen bat-batean. Isiltasunak entzutera behartu zuen. Ezerezaren erdian aurkitu zen. Galderak egiteari utzi zion nekearen nekez. Basamortuaren hutsa sentitu zuen. Suntsitu egin ziren bere usteak, bere formak, bere pertzepzio zaharrak. Berea uste zuen guztia desagertzen hasi zen. Etsituta sentitu zen. Nekatuta. Bakarrik. Eta zaharra. Bere arnasaren hotsa bakarrik entzun zezakeen. Barrurako eta kanporako bidean. Behin eta berriz. Lo sakonean murgildu zen arte. Mailuen hotsek esnatu egin dute urte askoko lozorro ilunetik. Leiho berriak zabaldu dizkiote eta bere bihotz berriaren taupaden kantua entzuten hasi da berriz ere. Kantauriko olatu freskagarri batek busti du bere arima eta argi diztiratsu batek horiz argitu ditu berriz ere bertako leihoak. Ateak zabaldu ditu berriz ere eta magiak kutsatu ditu bertako hormak, jantzigelak, eserlekuak, palkoak eta eszenatokia. Jaio da berriz ere. Esnatu da Victoria Eugenia zahar gaztetua. Martxoaren 1ean sartu zen haizea, magia eta artea. Bizitza hartu dute bertako txoko guztiek. Baita antzokiaren bihotz taupadek ere. Pozik dago, berriz ere itzuli baita geure artera. Ongi etorria izan zaitez antzoki eder. Zure edertasunak eta jakituria zaharrak esnatu dezala edertasunaren aurrean gure bihotzak zoratzeko gaitasuna. Esnatu gaitzazu gu ere gure eguneroko lozorrotik eta ireki itzazu magiaren bideak. H.H. Sheikh Dr. Sultan bin Mohammed Al Qasimik, martxoaren 27an, antzerkiaren egunean zabalduko duen mezua zabal dezazula zeuk ere: «... Antzerkia gizakion arteko elkartasuna sortzen duen eragile bat da... mundua laguntasunez eta herrien eta pertsonen elkarrizketarako bide berriak zabaltzen dituena...».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo