Giza eskubideak eta urraketak iruditan, Donostiako jaialdian
Gizaki ororentzat bermatuta egon beharko luketen eskubideak izango dituzte mintzagai nagusi Donostiako V. Giza Eskubideen zinemaldian. Begiarentzat eginiko formatuan, errealitatea oinarri duten fikzioak eta dokumentalak eskainiko dira jatorrizko bertsioan. Ekimen zabalean, haurren eskubide unibertsaletatik hasi, transexualismotik pasa eta militarismoa jorratzeraino iritsiko dira. Gaur bertan emango zaio hasiera «Days of Glory" film luzearen proiekzioarekin.
Amalur ARTOLA | DONOSTIA
Lan duina izatea, ur edangarria eskura edukitzea, genero nortasuna edota duintasunez hiltzea, pertsona orok bermatuta eduki beharko lituzkeen eskubideak dira. Buruko gaixotasunak gizarteratzea, arrazakeria eta xenofobia bazterrean uztea, oroimen historikoa berreskuratzea eta zenbait lurralderen kanpo zorra kitatzea, gizartearen ongizaterako ezinbesteko gakoak dira. Aldarrikapen horien bueltan dabil gaur hasi eta hilaren 23ra arte Donostian egingo den Giza Eskubideen V. Zinemaldia, hiriko Udalak antolatua.
Hemeretzi film luze eta hamahiru labur izango dira gizarteari begira jarri eta inguruan dutenaren -eta, batez ere, bermatzen ez zaienaren- gaineko hausnarketak Antzoki Zaharrera eta Victoria Eugeniara ekarriko dituztenak. Dokumentalak edo fikzioak dira proiektatuko direnak, aurre-estreinaldiak batzuk, nazioarteko zinemaldietan arrakasta lortu dutenak besteak, denak jatorrizko bertsioan eta gaztelerazko azpitituluekin.
Zinemaldia hasteko, Cannesko jaialdian Giza Eskubideen Saria eskuratu zuen eta Oscar sarietarako izendapena ere lortu zuen «Days of Glory»ren proiekzioa hautatu dute (zinemetan, hilaren 30etik aurrera). Honen ondotik etorriko dira sail ofizialean ariko diren hamaika film luzeen eta hamabi laburren proiekzioak. Amaitzeko, atalka osatutako «Invisibles» film kolektiboa, Berlingo Zinemaldian aurkeztu zena eta Javier Bardem ekoizle duena. Gainera, bere ama Pilar Bardemek jasoko du aurten lehenengoz emango den Zinema eta Giza Eskubideen saria, hilaren 23an. Filmean, ahaztutako gerra eta gaixotasunak dituzte mintzagai Mariano Barroso, Isabel Coixet, Javier Corcuera, Fernando Leon de Aranoa eta Wim Wenders-ek, eta munduan milioika pertsona bortizkeriaren edota gaixotasunen menpean «ezin ikusizko izateari noiz utziko dioten zain» bizi direla ekartzen du gogora.
Afrika eta latinoamerika gogoan
Antolatzaileen esanetan, aurten Afrikan eta Latinoamerikan arreta berezia jarri dute. Sail ofizialean Afrikako bi ekoizpen, Abderrahmane Sissakoren «Bamako», Afrikako esplotazio eta kanpo zorraz diharduena, eta Mahamat-Saleh Harounen «Darat», gerren ondotik elkarbizitzarako zutabeak eraikitzearen ezinbestekotasunari buruz ari dena, nabarmendu behar dira. Latinoamerikako hiru film emango dira. Juan Carlos Rulfo mexikarraren «En el hoyo», lan duina izateko eskubidea migratzaileen testuinguruan aztertzen duena, eta Argentinatik bi eskaintza egingo dira: Fernando Lopez Escrivaren «Hotel Gondolín», prostituzioa lanbide duen transexual talde baten istorioa, eta Israel Adrian Caetanoren «Crónica de una fuga», diktaduraz eta errepresioaz mintzo dena.
Ione Fernandez donostiarraren «Uno por ciento, esquizofrenia» lanean buruko gaixotasunak gizarteratzearen garrantzia aldarrikatuko da eta, Sven Taddicken alemanaren «Emmas Glück»-en bidez, eutanasiaren eztabaidan sakondu nahi da.
Oro har, film luze bakoitzarekin batera labur bat proiektatuko da. Aipagarria da 18 eta 25 urte bitarteko laurogei gazte izango direla epaimahaikide. Lehiaketatik kanpo Antxon Urrusoloren «Las cigarreras» emango da, Donostiako Tabakalerako bost emakume langileri buruzkoa. ETAko militante baten inguruko «El canto del grillo», Dany Camposena; anorexiaren gaia jorratu duen «Contracuerpo», Eduardo Chapero-Jacksonena; eta Susan Jacobsonen «A hundred of a second» ere emango dira.
Pilar Bardemek jasoko du jaialdiak aurten lehenengoz emango duen Zinema eta Giza Eskubideen saria, «laguntzarik jasotzen ez duten kolektiboei erakutsi dien elkartasunagatik».
Data: Gaurtik hilaren 23a arte, Donostian.
Lekua: Hasiera ekitaldia (gaur, 19.30ean) eta emanaldiak, Antzoki Zaharrean. Amaiera, Victoria Eugenian.
Sarrera: 3,60 euro. Bonoa 15 euro. Eskuragai Antzoki Zaharrean, Victoria Eugenian, Telekutxan eta Servikutxan.
Informazioa: Xehetasunak eta programazio osoa sarean kontsulta daitezke jaialdiko web-orrian (www.cineydere choshumanos.com).
Ikusitakoari buelta pare bat eman asmotan, Giza Eskubideen Zine Emanaldiaren proiekzio batzuen ostean zenbait aditu gonbidatu dituzte filmen eta eskubideen gaineko hausnarketa egitera. Honela, «En el hoyo», «Uno por ciento, esquizofrenia» eta «El tren de la memoria» filmen ostean zuzendariei galderak egiteko aukera izango da. Vincenç Fisas (Bartzelonako Unibertsitateko Bake Kulturaren Eskolako zuzendaria eta Bake eta Giza Eskubideen UNESCOren katedraduna), Pedro Arrojo (uraren ekonomian aditua), eta 2015 plataformako zein Amnesty Internationaleko kideek ere hartuko dute hitza.
A. A.