GARA > Idatzia > Zinema

Euskaraz egindako zinema zikloak Ordizian eta Garazin

Euskara hutsean egindako filmen proiekzioak antolatu dituzte Donibane Garazi eta Ordizian hurrengo egunetarako. Lehenengoan, emanaldiez gainera ekoizpenetan parte hartu duten gonbidatuak izango dituzte eta, Gipuzkoakoan, film laburren zirkuitoa ere antolatu dute.

GARA | DONOSTIA

Donibane Garazin eta Ordizian euskarazko zinemari zuzendutako ziklo bana antolatu dute datozen egunetarako, biak ala biak aipatutako herrietako euskara elkarteen ekimenez.

«Eutsi!» filmarekin emango zaio hasiera Ordizian egingo den euskarazko filmen zikloari. Alberto J. Gorritiberearen azken lana gaurtik hilaren 20a bitartean emango da.

Honekin batera, Udalak eta Hitzaro euskara elkarteak laugarrenez Film Laburren Zirkuitoa antolatu dute. Asteazkenean, hilak 21, euskarazko sei lan proiektatuko dira Herri Antzokian, 19.00etatik aurrera: Ane Muñozen «Loturak», Asier Altunaren «Sarean», Oscar Galanen «Xoxoak beleari ipurbeltz», Iñaki Beraetxearen «Osaba Jacinto», Koldo Almandozen «Midori» eta Jon Anduezaren «Bilintx» film laburrak. Hilaren 24an, aldiz, baserri giroaz mintzo den Jose Mari Gonzalezen «...Txorixak galduta egozenian» filmaren txanda izango da. Film honek Mikel Laboaren musika darama.

Donibane Garazin, aldiz, Garazikus elkarteak antolatuta hilaren 20an hasi eta 23an amaituko den «Zineuskaraz» jaialdia izango da euskarazko filmen sustapena bilatzen duen ekimena. Proiekzioez gainera, lanen ekoizpenean parte hartu duten pertsonak izango dituzte gonbidatu. Hartara, «Aupa Etxebeste!» filma jarri ostean (hilaren 22an 20.30ean eta 23an 19.00etan) Ramon Agirre antzezlearekin mintzatzeko parada izango da.

«Kutsidazu bidea, Ixabel» arrakastatsuaren proiekzioak (hilaren 20an 19.00etan eta 21ean 21.00etan) Eneko Olasagasti produktoreari eta oraindik zehaztu gabeko zenbait aktoreri galderak luzatzeko aukera emango du. «Nomadak Tx» filma ere emango da, hilaren 20an 21.00etan eta 21ean 18.00etan. Proiekzio guztiak Le Vauban aretoan izango dira eta, kasu honetan, frantsesezko azpitituluak eramango dituzte filmek. Hilaren 23an, aldiz, 21.00etan Korrika 15en moda desfilea izango da.

Arkitektura zinemara, Bilbon

Bestalde, Bilboko Guggenheim museoan Arkitekturako Film eta Dokumentalen Nazioarteko Jaialdia egiten ari dira egunotan. Ostiralean Shiban hiriaz, Europako eraikin altuenez eta Mies van der Rohe arkitektoaz arituko dira. Larunbatean, Santiago Calatravaren, Steven Hollen eta I.M. Pei eta Royal Arsenalen eraikinak izango dira hizpide. Igandean amaituko da erakustaldia, Tadao Andoren, Richard Meieren eta Le Corbusierren lanen azterketarekin. Proiekzioak gaur 19.45ean eta larunbat eta igandean 18.00etan izango dira, Guggenheim museoan bertan (3 euro).

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo