GARA > Idatzia > Euskal Herria

Hezkuntza Nazionalaren arauak indargabetzea eskatu du SISCBk

Euskal Kultura Sostengatzen duen Herrien Arteko Sindikatuak (SISCB) Hezkuntza Nazionalari egungo arauak indargabetzea eskatu dio. Aldi berean Ikuskaritza Akademikoak euskarazko irakaskuntza hurrengo ikasturterako aztertu dezala galdetu dio. Sindikatuak Euskararen Erakunde Publikoari ematen dion diru-laguntza %20ean handituko du aurten. Euskaraz egin sorkuntzak indartzeko Ekimen sariak abian jarriko ditu aurten sindikatuak.

Idoia ERASO |

Ipar Euskal Herriko udalerrien gehiengoa elkartzen dituen Euskal Kultura Sustengatzen duen Herrien Arteko Sindikatuak aho batez onartu zuen mozioan zenbait eskaera egiten dizkio Hezkuntza Nazionalari. Euskararen eta euskarazko irakaskuntzaren berezitasun pedagogikoak kontuan hartzen ez dituen sistema indargabetu beharko litzatekeela iritzi dio herrien sindikatuak.

Ipar Euskal Herriko eskola elebidun eta ikastolen aldetik protesta handiak sortu dituen eskola kartaren aurrean, heldu den ikasturterako Hezkuntza Nazionalari eta Paueko Inspektore Akademikoari egoera kasuz-kasu berraztertua izan dadin eskatu dio sindikatuak. Erakundearen presidente eta Kanboko auzapez Vincent Bruk adierazi zuen: «Errealitatearekin bat egiten ez duten irakasle postuen kopurua zuzendu behar da». Hala, hainbat erakunderen artean adostasun askirik ez dagoela nabarmendu zuen Kanboko auzapezak. Ikuskaritza Akademikoaren, Euskararen Erakunde Publikoaren eta hunkituak diren herrien arteko elkarrizketa eskasaz damutzen direla jakinarazi zuten sindikatuaren parte diren auzapez guztiek.

Euskarazko irakaskuntza Ipar Euskal Herriko hautetsientzat lehentasuna dela ere nabarmendu zuen Vincent Bruk eta esan zuen: «Guretzako garrantzia erakusteko prest gaude zenbait protestaren bitartez». Eskaera horiek eskola elebidun publikoentzat, pribatuentzat eta Ikastolen Federazioarentzat egiten dituztela nabarmendu zuen Vincent Bruk.

Estatu frantsesean urtero antolatzen den Europako Hizkuntza eta Kulturen Batzarra herrien sindikatuak kudeatuko du lehen aldiz urrian. Bilerak irauten dituen hiru egunetan joan kongresistek zenbat mozio bozkatuko dituzte gero Estatuko gobernuari aurkezteko.

Ipar Euskal Herrian dauden 159 udalerrietatik sindikatuaren parte diren 147k biztanle bakoitzeko euro eta hamar zentimo ordaintzen dituzte. Diru horrekin Euskararen Erakunde Publikoari ematen dioten diru-laguntza %20an handituko dute aurten. Egun EEParen aurrekontuaren %9 SISCBren eskutik heldu da. Euskararen Kultur Erakundeak laguntzaren handitze «txiki» bat eskuratuko du.

«Ekimen» saria

Ispiritu sortzailea adierazten dituen egitasmo euskaldunak sustatu nahi ditu SISCBak sortu berri duen «Ekimen» sariak. Gazteengana edo oraindik ezagunak ez diren sortzaileengana ailegatu nahi du. Ipar Euskal Herria bakarrik izanen du eremu eta zenbait arlo izanen ditu kontutan: literatura, antzerkia, ikerkuntza, musika, teknologia berriak... Irabazleari 15.000 euro emanen zaizkio eta bi irabazleren artean partekatzeko aukera ere izanen da.

Lehen saria urte honen abenduan eman nahi dute sindikatuko agintariek. Beraz sortzaile ekintzaileak beraien egitasmoa iraila baino lehen Kanboko herriko etxera bidaltzera gonbidatzen dituzte.

Irakasle postuak

«Errealitatearekin bat egiten ez duten irakasleen postuen kopurua zuzendu behar da», adierazi zuen sindikatuko presidenteak. SISCBk kasu guztiak banan-banan berraztertzeko eskatu dio Ikuskaritza Akademikoari.

15.000 euroko saria

Ispiritu sortzailea adierazten duten egitasmo euskaldunak sustatu nahi ditu sindikatuak sortu berri duen «Ekimen» sariak. Ipar Euskal Herria soilik izanen du eremu eta hainbat arlo izanen ditukontutan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo