Batasun nazionala argi bila Palestinan
Zailtasunez betetako prozesu luze baten ondoren, indar palestinarrrek osatu duten batasun nazionaleko Gobernua aurkeztu zuen atzo PAN Palestinako Aginte Nazionaleko presidente Mahmud Abbasek. Hona arteko zailtasunak Israelen jokaera, Nazioarteko Komunitatearena eta, neurri handian horien ondorioz, Al Fataren eta Hamasen arteko liskar bortitzak izan dira. Gobernu berria benetako batasun nazionalekoa da, bi indar nagusiek eta akordioarekin bat datozen gainerako alderdiek Palestinako %96 herritar ordezkatzen dituzte eta. Ikusteko dago, Gobernu berriaren ondorioz, Nazioarteko Komunitatearen jarrera aldatuko den. Hori baita gakoa, lehenengo gakoa behinik behin, Gobernu hori eratu izana inguru hartako bakearen bidean aurrerapausoa, ilunetik argira, izan dadin.
Orain artean AEBek Israelen interesen araberako jokaera izan dute, eta espero izatekoa da beren horretan jarraituko dutela. Europar Batasunak, ordea, zailago du orain arteko jokaera hipokritari eustea, boikotari segida emateak Palestinan lortutako oreka hautsi eta palestinarren arteko liskarrak sustatzea izango litzateke eta. Izan ere, ez da ahaztu behar blokeo horrek Palestinako bi indar nagusien arteko liskarretan izan duen eragin handia. Bestetik, eta aurreko Gobernua ere hautestontziek erabakia zela ahaztu gabe, palestinar gehien-gehienek sostengatzen dute. Garaia da, beraz, Europak behingoz kanpo politika propioa egiteko.
Bitxiak dira, bestalde, Israelek Palestinako Gobernu berriarekin harremanik ez izateko ematen dituen argudioak, argudio zaharrak. Batasun Gobernuak ez omen du Israel aintzatesten. Gobernu berriak, baina, Palestinaren Askapenerako Erakundearen nazioarteko akordioak aintzat hartu ditu, eta horietan bada, izatez, aintzatespen hori. Ez da Israelen kasua, aspaldi luzetik NBEren ebazpenak bete gabe jarraitzen baitu. Beste argudioa, indarkeriari uko egin ez izana, zilegitasun osoa galdua du beretzat bortizkeriarik krudelena erabiltzeko eskumena hartzen duenaren ahoan.