GARA > Idatzia > Txokotik

Xabier Izaga Kazetaria

Zain: haur gaiztoak epaiaren, jende prestua barbaroen

Epaiaren zain gelditu da 18/98 auzia delakoari buruzko epaiketa. Epaiaren zain eta ez justiziaren zain. Asteazken goizean bukatzekoa zen, baina auzipetu-ikasle bihurriek txantxarako gogoa zutenez, epaile presidente-irakasle-buru gorenak arratsaldea arte zigortu zituen haur demonioak. Epaiketak amaiera jo omen du, eta bukatu dela dirudi, bai, Madrilgo Auzitegi Nazionalean. Baina, epaia edozein dela ere, ez da bukatu auzipetuen kontrako erasoa, ez da bukatu herri honetako hainbat hedabideren, enpresaren, erakunde politiko eta sozialen kontrako jazarpena. Proiektu politiko baten kontrako erabakiak bere horretan jarraitzen du.

Demokrazia esaten dieten interesak defenditu behar dituzte, haien etsaiengandik. Esate baterako, mahai gainean duten proposamen arriskutsutik. Eztabaidatzea onartuko balute, esku artean eztanda egingo liekeen proposamenetik, alegia. Eta epaiketa hau, aurreko eta ondorengo zenbait bezala, proposamen hori desaktibatzeko tresna da.

Zain daude, halaber, bihar bertan Espainiako banderapean, eta erreketepean, Iruñera bilduko direnak: «-Zeren zain gaude agorara bilduta?/ Barbaroak egun iristekoak dira eta». Baina, Kavafisen poeman ez bezala, ez daude zain barbaroei pergaminorik emateko, gerra deklarazioa indarrean dagoela adierazteko baizik. Barbaroek tituluz betetako pergaminoak aspaldi luzean jaso zituztela konturatu gabe. Su eta gar sartu ziren horiek, bihar Iruñerakoa egiteko bidean Guardia Zibila zain izango dutenak, baina ez autoak miatzeko, bidaia erosoago egiteko baizik. Eta, hala ere, barbaroen zain daude, barbaroak behar dituzte: «Eta orain zer gertatuko zaigu barbarorik gabe?/ Gizon horiek halako irtenbidea ziren».

Nafarren borondatea, gainerako euskaldunena bezala, nafarrek berek baino hobeto ezagutzen dute gortean eta erregeor- dearenean, ez dago galdetu beharrik, jende prestuak espainol prestu batek pentsatzen duen moduan pentsatu behar du eta. Horregatik «toda la gente de bien», «la gente decente», deituta dago biharko, joan den larunbatean Madrilgo kaleetara Inperioaren koloreak atera zituena bezalako jendea. Hala iruditu zitzaion nire lagun bati ere manifestazio haren imajinak ikusitakoan: «Jende dezente badago, baina ez parte onekoa».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo