GARA > Idatzia > Jo puntua

Xabier Silveira Bertsolaria

Txorizeti

Frankisten pizkundea erresuma zaharraren aldez alde zabaltzen da, ez gaitezen errealitatea estaltzen saiatu. Sartu Interneten eta ikusiko duzue zein web atari ederra duten

Iruñeko txorixoak oso dira ezagunak. Ttikitan kosta zitzaidan bereizten Pamplonica izenarekin saltzen zuten txorixo haren logotipoa zen -eta den- entzierro- korrikalariak eskuetan zeramana egunkari bat zela eta ez txorizo bat. Ttikitan pentsatzen nuen nafar ona izateko txorizo asko jan behar zela. Eta hala egin nuen, oraindik mantentzen dudan ohitura bat izateraino. Txorizoa barra-barra. Behin Lesakako futbol zelai zaharrean, hots, kristo-enean, futbolean izan ezik, edozertan genbiltzan gu aspaldi, eta asto zahar bat hil zen han belar janean zebilela. Bihotzekoa izango zen agian, belar gaindosiren bat-edo. Agian irudimenaren akats bat da istorio honen bukaera, edo agian ez, baina irudiak eta dena datozkit nola hori gertatu eta ordu pare baten buruan Pamplonica etxekoak etorri eta beraien kamioian eraman zuten astoa, hankak gogor-gogor eginda luzatuak, zerraldo, txorizoak egiteko, jakina. Agian horregatik bukatu nuen hipermerkatuetako Ibéricos delako esparruan doan meriendatzen, horrela deskubrituz txorizo onak txerriekin egiten direla eta ez astoekin. Baina zergatik Nafarroan astoekin? Zerk eraman zituen garai bateko nafarrak txorizoak astoekin egitera? Bada, erantzun erreza du galdemodu horrek: Txorizoak astoekin egiten di- ra txerriak agintean daudela-ko. Bertako txerriak eta kanpoko txakurrak. Nafarron dieta orekatua

Bihar Iruñean, txorizoen hiriburuan, bilkura eginen dute dieta orekatuaren jarraitzaile sutsuenek. Nafar onak -nonbait, ez naiz ttikitan txorizo asko jaten zuen bakarra- bertan batuko dira, Ibéricos esparrutik etorritako beste hainbatekin batera. Ze beldurra! Badakizue lau txerrik bost minutuan pertsona bat oso-osorik jan dezaketela? Hortzak ere ez dituzte uzten!

Bihar Iruñean, zenbat Cristo Rey-zale dauden ikusiko dugu, eta ez dira gutti izanen. Duela ez denbora sobera armak eskuetan herritarrak mehatxatzen eta kasu batzuetan hiltzen ibili zirenak eta haien oinordekoak, Espainiatik etorritako legio erromatarrak babestuta. Ze polita! Poliziak zaindutako pasarela faxista.

Egunez egingo dutena badakigu, ez dakiguna da espainiartasun egosi dosi bat hartu eta haien luxuzko garunak martxan jartzerakoan gauean zer egitea otuko zaien. Edo haien herrietara itzultzean, zeren ez baitira txorixoak Iruñean bakarrik egiten; Beratik Kortesera eta Etxarritik Luzaidera txorizoa jateko parada ederra non-nahi. Frankisten pizkundea erresuma zaharraren aldez alde zabaltzen baita, ez gaitezen errealitatea estaltzen saiatu. Sartu Interneten, ikusiko duzue zein web atari ederra duten. Txorizosspamplonica.es, idatzita dihoan bezala. Badaude erakusleiho gehiago, baina hor biltzen da dena.

Ah, biharko manifestazioan esku bat bota nahi izanez gero, segurtasunean edo dena delakoan, eta aurrerantzean antolatuko diren faxisten ekintzetara joateko Navarra Liberal-ekoekin jarri harremanetan. Agian onartuko dituzten hurrengo hamar kideetako bat izan zintezke. Nafarroarengatik lan egiteko prest?

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo