GARA > Idatzia > Herri-kirolak

Aizkora Urrezko lehiaketa

Hiru kanporaketa jokatuko dira Ataungo pilotalekuan

Hirur saioak politak izan arren, agian zaleentzat gustgarraiena Julen Mendietak eta Joxe Ugarteburuk jokatuko duten norgehiagoka izango da

Jon LEUNDA | DONOSTIA

Urrezko aizkolarien lehen faseak aurrera jarraitzen du, eta asteburu honetan Ataunek hartuko ditu hiru kanporaketa. Hirurak etzi jokatuko dira, 12.30etatik aurrera.

Kanporaketak oso erakargarriak dira, eta pentsatzekoa da zaleek ere erantzun bikaina emango dutela. Agian guztietan erakargarriena Julen Mendietak eta Joxe Ugarteburuk jokatuko dutena izango da. Alde batetik Bizkaiko txapelduna, eta Euskal Herriko Hirugarren Mailako txapelduna neurtuko dira.

Lan labur hauetan edozer gerta daiteke, eta nahikoa da egur txar bat agertzea, denbora dezente galtzeko, baina Ugarteburu aterako da irabazteko faboritoa. Beste neurketa Mujikak eta Zubiagak jokatuko dutena izango da. Bi gazte hauen arteko dema estua iragartzen da, faborito garbirik gabekoa.

Azkenik Aierbe II.a, herriko semea, eta Elorriaga ere bertan izango dira. Dema polita izango da hau ere. Aurrez aurre izango baitira Aierberen gaztetasuna, eta Elorriagaren eskarmentua. Dudarik gabe, hiru neurketak dira jendearentzat gustagarriak.

Aizkolariek pasa den asteko lan bera egin beharko dute. Hasteko, 45 ontzakoa ahalik eta kolperik gutxienean moztu beharko dute. Ondoren, 45 ontzakoa erlojuz kontra moztu beharko dute. Hirugarren lanean, tamina bereko enborra zutik moztu beharko dute. Azkenik, berriz, bi kana-erdiko eta 60 ontzako bat moztu beharko dituzte. Proba guztiak egiten denborarik gutxien pasatzen duen aizkolariak irabaziko du.

Gazteak ere bai

Ataunen etzi maila nagusiko aizkolariak arituko diren bitartean, bihar 18.00etatik aurrera aizkolari gazteen saioak izango dira, eta agian bertan izango den ekinaldirik erakargarrienetakoa Aldapek eta Mugertza III.ak jokatuko duten norgehiagoka izango da. Jendeak badu Unai Aldape ikusteko gogoa. Bizkaitarrak Binakako Txapelketa irabazi egin zuen, eta azkenaldian ematen zuena baino dezentez itxura hobea eman zuen, eta orain orduko maila ematen duen edo ez ikusi nahi dute zaleek.

Bestetik, aizkora munduak berri triste bat ere eman zuen atzo, Mugertza I.aren ama, eta Mugertza II.a eta Mugertza III.aren amona zendu baitzen. Gaur egingo dituzte Mutrikun hileta elizkizunak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo