GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

EREIN-euskadiko kutxa eta donostia-opera prima lehiaketak

Karlos Linazasororen ipuin txikiek bereganatu dute saririk handiena

Ipuin labur-laburrez osatutako «Diotenez" liburuarekin, Karlos Linazasorok irabazi du Erein-Euskadiko Kutxa saria, dirutan, behintzat, euskal literaturaren historian inoiz eman omen den handiena: 24.000 euro. Opera Prima saria (9.000 euro), berriz, Aitziber Etxeberriak lortu du, 1813ko Donostian girotutako «31 baioneta" nobela historikoari esker. Saridunen izenak bart ezagutarazi dituzte Donostiako udaletxean eginiko ekitaldi batean.

Martin ANSO | DONOSTIA

«Idazle sendo» baten «kalitate handia» eta «gizakiari buruzko gogoeta sakon eta ironiatsua» dira epaileek Linazasororen «Diotenez»en aurkitu dituzten dohain nagusiak.

Estilo eta tematika aldetik, liburua bete-betean sartzen omen da Linazasororen ohiko bidean, baina oraingoan tolosarrak urrats bat harago egin nahi izan du. «Nahiko esperimentala da, arrisku handikoa; izan ere, arriskurik gabeko literatura ez zait interesatzen», adierazi du.

Bi zatitan banatuta dago: lehenengoa aforismoz-eta egindako sei-zazpi ipuinek osatzen dute; bigarrena, berriz, berrehun mikroipuin inguruk. Linazasorok joera minismalista nabarmena duen arren, orain arte mikroipuin libururik ez zuen. «Niretzat hitza garestia da, eta hemen ez dago apaingarririk».

Bere-bereak dituen absurdu eta umorearen bidez, baita lirismoaren bidez ere, «mundu metaforiko bat» sortu du. «Bete-betean genero fantastikoan kokatuko nuke liburua, baliabide nagusia fantasia delako».

Saiatu da «jendeak normalean ikusten ez duena islatzen, ispiluaren beste aldea». Eta horretarako irakurlearen «konplizitatea» behar du, Linazasorok esan baino gehiago sujeritzen duelako. Alde horretatik, «Diotenez» liburu erraza ez dela aitortu du, keinu eta literatur erreferentziaz beteta dagoelako. Ez da erraza irakurlearentzat ez idazlearentzat. «Azken bospasei urteotako ipuinak dira, laburrak, bai, eta beharbada bat segituan idazten da, baina horrenbeste biltzea ez da erraza eta nekosoa ere gertatu zait».

Donostia-Opera Prima saria, berriz, Aitziber Etxeberriak jaso du, «31 baioneta»ri esker. Epaileen iritziz, «antolamendu dotore eta klasikoaren bidez, oso duin ehundutako nobela historikoa da». Egileak berak adierazi duenez, 1813ko Donostian girotuta dago, Abuztuaren 31ko hondamendiaren bezeperatan. «Izan ere ingelesek hiriari su ematen diotenean bukatzen da nobela», zehaztu du. «Soldadu frantses baten eta Donostiako emakume alargun baten arteko harremanaren bidez irakurlea deskubritzen joango da biak ala biak iragan bat dutela, eta iragan hori atzean utzi dutela uste duten arren, oker daude».

Etxeberriak aukeratu duen testuinguru historikoa kontuan izanik, gogora dator ezinbestez Martinez de Lezearen «La Brecha». «Nobela bukatzen ari nintzela plazaratu zuen Totik hura. Ez dut irakurri, eta une eta leku berean girotuta dagoen arren, imajinatzen dut nireak ez duela haren antzik izango», esan du. «31 baioneta» aspaldi zebilkion buruan. Dokumentatzeak kendu dio denbora handien. «Datuak bilduta, aldiz, hasi eta segidan idatzi dut».

Opera Prima libururik argitaratu ez duten edo 35 urte baino gutxiago duten idazleentzako saria da. Aitziber Etxeberria (Zarautz, 1973) bigarren multzoan sartzen da. Izan ere, liburu bat argitaratua dauka, «Tango urdina», eta, hain justu, liburu horrekintxe irabazi zuen sari berdina 2003ko deialdian. Egilea farmazialaria da lanbidez, baina idaztea oso gogoko du. Familia kontua omen da. Horra hor anaiak, Xabier -bart Donostian aldean izan duena- eta Martin bizkiak, eta aitak ere idazten du.

Erein-Euskadiko Kutxa lehiaketaren 2007ko deialdiak ezohiko interesa piztu du, saria, 24.000 eurokoa, inoizko handiena delako (Euskadi saria bera 18.000 eurokoa da). 2005eko deialdian, berriz, nobela gutxi aurkeztu ziren eta epaileek, kalitaterik ez zutela iritzita, saria, 12.000 eurokoa, eman gabe utzi zuten. Horren ondorioz, antolatzaileek 2005eko eta 2007ko deialdetako sariak batzea erabaki zuten. Horra 24.000 euroko ezohiko sariaren zergatia.

Bart, sari banaketan, idazle ezagun asko bildu dira, hala nola Mariasun Landa, Patri Urkizu, Toti Martinez de Lezea edota Joxemari Iturralde. Aurkezlearenak egin dituen Edurne Ormazabalek esan duenez, Erein ahaleginak egiten ari da saritutako lanak Liburuaren Eguna baino lehen plazaratzeko; apirilaren 23a baino lehen, alegia.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo