Erremontea
Norgehiagoka sinestezina Mastersari hasiera emateko
Imanol Altuna eta Julen San Miguelek aurrea hartu dute kanporaketan 30 eta 17 galtzen joan arren
Asier AIESTARAN | DONOSTIA
Garikoitz Altunak eta Julen San Miguelek garaipen sinestezina lortu zuten Baines Masterseko estreinako partidan. Urdinak 30 eta 17 galtzen joan ziren, baina atzelari nafarra zabaletik sakatzen hastearekin batera, norgehiagoka goitik behera aldatu zen eta orain lau tantoko aldea dute kanporaketan. San Miguel gazteak, Ezkurrarekin batera Binakako egungo txapeldunak, pilotari egina eta argia dela erakutsi zuen beste behin.
Bikote gipuzkoarra jaun eta jabe izan ziren neurketaren lehen erdian. Hasierako berdinketen ostean -bederatzigarren tantora heltzerako sei berdinketa izan zituen partidak-, Patxi Zeberio bere ahalmen guztia erakusten hasi zen. Agirrezabalak, goi-mailako lehiaketa ba- tean debutari atzo, bikain laguntzen zion Elduaiengo aurrelariari eta Garikoitz Altuna ez zen jokoan batere sartzen. San Miguel ere oso larri ibili zen une horietan eta gorriek sekulako aldeak pilatu zituzten markagailuan (22-13 eta 30-17).
Sakea zabaletik
Baina dena galduta ikusi zuenean, San Miguel zabaletik sakatzen hasi zen eta neurketa erabat aldatu zen. Patxi Zeberiok ezin zuen ordura arte bezain erraz sartu pilotara eta urdinek partidaren agintea hartu zuten.
Horrelakoetan gertatzen den moduan, aurretik zeudenen buruak lanean hasi ziren eta urduritasuna garesti ordaindu zuten azkenean. Batzuen merituagatik edo besteen akatsengatik, urdinak 33 eta 35 aurretik sartu ziren azken txanpan eta amaiera eder horretan urdinak izan ziren azkenean nagusi 36-40 eta lau tantoko abantaila hartu dute. Kanporaketako bigarren partida Beotibarren jokatuko dute datorren ostiralean.
«San Miguel zabaletik ateratzen hasi da eta horrenbesteko botea duten pilotekin sekulako mina egin digu», azaldu zuen Patxi Zeberiok