Esparru demokratikorako proposamena aurkeztu die Batasunak Italiako eragileei
Euskal Herrirako esparru demokratiko bat lortzeko ezker abertzaleak berriki aurkeztu duen proposamena zuzenean ezagutzeko aukera izan dute Italiako hainbat eragilek, Joseba Alvarez herrialde hartan egon baita. Oso balorazio positiboa egin du eledun abertzaleak bidaiaz.
GARA |
Joseba Alvarez mahaikideak Italian eman ditu azken egunak, herrialde hartako hainbat eragilerekin prozesu politikoaren egoera aztertzeko eta ezker abertzaleak Euskal Herrirako esparru demokratikoa erdiesteko aurkeztu duen proposamena azaltzeko. Bertan, elkarrizketak eta hitzaldiak eskaini ditu eledun abertzaleak.
Horiek hala, Alvarez Erroman egon zen duela astebete, Rete Comunista taldearen bigarren batzarran parte hartzeko, eta ehundaka lagunen aurrean hitz egin zuen, besteren artean, Europar Batasuneko «politika neoliberala» salatzeko eta erakunde hori «herrien kartzela» dela esateko. Euskal Herriaz ere aritu zen, eta adierazi zuen ezker abertzalearen esparru demokratikorako proposamena «gatazka gainditu eta bakea egin dezakeen» egitasmoa dela. Batzarran parte hartzeaz gain, mahaikidea hainbat ordezkari politikorekin bildu zen Erroman, hala nola, Fernando Rossi senataria eta Salvatore Canavó diputatua, baita Refundazzione Comunista alderdiko eta Confederación Unitaria de Base sindikatuko hainbat kiderekin ere.
Bolognan eta Napolin ere egon da Alvarez. Bolognan, zentro-ezkerreko eta ezkerreko zenbait hautetsirekin bildu zen udaletxean, eta ezker abertzalearen proposamena azaldu zien.
Hiri berdinean, ordezkari independentistak hitzaldia eman zuen Vitoria gizarte etxean, hain zuzen, Italiako iparraldeko aretorik handienean eta jende eta hedabide ugari elkartu zen.
«Ezker abertzalearen ahotsa»
Alvarezek positibotzat jo du biraren emaitza, eta nabarmendu du Italiako politika eta gizarte eragileek adierazi diotela ezker abertzalearen ahotsa zuzenean entzuteko «premia» zutela.
«Euskal Herrian dagoen egoeraren berri era zuzenean entzun nahi izan dute eta beren elkartasun osoa adierazi» aipatu du mahaikideak, alde horretatik.
Gazte mugimenduak ere nazioarteko bira hasi du egunotan, batez ere apirilaren 6an hasiko den Gazte Martxaren berri emateko. Europako bira honen xedea, martxoan burutuko dena, «euskal gazte independentisten egitasmo erraldoi honen gainean atxikimendua lortzea eta ekimenaren zehaztapenak ematea izango da.
«Elkartasun internazionalista praktikoki gauzatzeko aukera paregabea» izango da, antolatzaileen iritzirako, bira hau, eta gogoratu dute Gazte Martxak «independentziaren aldarrikapena edukiz betetzea eta independentziaren baitan ahalik eta gazte indar gehien biltzea» duela helburu nagusia.
Alde horretatik, azaldu zuten Gazte Martxaren testuinguruan nazioarteko topaketak egingo direla, eta hauek prestatzeko aukera emango duela bira honek. Besteren artean, Herbehereetan, Belgikan, Alemanian, Danimarkan eta Norvegian egongo dira euskal gazteak.
Gazte mugimenduak ere nazioarteko bira hasi du, apirilean egingo den Gazte Martxaren berri emateko Europako hainbat herrialdetan. Izan ere, nazioarteko topaketak burutuko dira Euskal Herrian.