GARA > Idatzia > Herri-kirolak

Aizkora Urrezko lehiaketa

Ugarteburu, Aierbe eta Mujika nagusitu dira Ataunen

Mendieta, Zubiaga eta Elorriaga utzi dituzte lehiaketatik kanpo, eta hurrengo kanporaketa jokatzeko txartela lortu ahal izan dute Ezkiokoak, Ibarrakoak eta Ataungoak

Jon LEUNDA | DONOSTIA

Ugarteburuk, Mujikak eta Aierbe II.ak egin zuten aurrera, herenegun Ataunen jokatu zen Urrezko Aizkorako hiru kanporaketetan. Horiekin, lehen kanporaketei amaiera eman zaie.

Herenegungo hiru kanporaketetan, saiorik erakargarriena Mendietak eta Ugarteburuk jokatu zutena zen. Bertan Bizkaiko txapelduna, eta Euskal Herriko Hirugarren Mailako txapelduna neurtzen baitziren. Amaieran, Ugarteburuk lortu zuen garaipena. Aierbe II.ak eta Mujikak ere lortu zuten hurrengo kanporaketa jokatzeko txartela. Ugarteburuk eta Mendietak jokatu zuten kanporaketako gakoa, zutikako enborrean egon zen, hor gipuzkoarrak minutu bateko tartea kendu baitzion bizkaitarrari, eta garaipenerako bidea zabaldu zion.

45 ontzakoa zeinek kolpe gutxiagotan moztu neurtu behar zuten lehen saioan, eta hor Bizkaiko txapelduna nagusitu zen, 39 kolpetan erdibitu baitzuen enborra. Ugarteburuk, aldiz, 44 behar izan zituen.

Bigarren lana, tamaina bereko enborra etzanda erlojuz kontra moztea izan zen. Ezkiokoak irabazi zuen, 51 segundoan bota baitzuen, eta Mendietak, berriz, 58 segundoan. Hirugarren lanean, zutik 45 ontzakoa zeinek azkarrago moztu izan zen. Ezkiokoak minutu eta 39 segundoan ebaki zuen, eta minutu bat gehiago behar izan zuen Mendietak. Azkenik, bi 45 ontzako eta kana-erdiko bat moztu behar zituzten, eta hor ere Ugarteburu gailendu zen. 7.29 izan zen bere denbora eta 7.52 Mendietarena. Lan guztiak burutzeko, 10 minutu eta 43 segundo behar izan zituen Ugarteburuk, eta 12 minutu eta 8 segundo, berriz, Julen Mendietak. Mujikak, berriz, Zubiaga arabarra utzi zuen bazterrean, nahiz eta Ibarrakoak proba bat galdu ere egin zuen. kolpekako proban, 42 kolpetan moztu zuen 45 ontzakoa, eta 49tan Zubiagak. Ondoren erlojuz kontra moztu behar izan zuten 45 ontzakoa, eta hor ere gipuzkoarra nagusitu zen, 50 segundoan moztu baitzuen enborra.. Arabarrak, minutu bat behar izan zuen. Zubiagak, ordea, hirugarren proba bereganatu zuen, 45 ontzakoa zutik mozten azkarragoa izan baitzen. 1.54 izan zen bere denbora, eta 2.15 Mujikarena. Bi kana-erdiko eta 60 onztakoa mozteko, 6 minutu eta 34 behar izan zituen eta 7.36 Zubiagak. Lan guztiak burutzeko, 10.21 behar izan zituen Mujikak eta 11.19 Zubiagak.

Aierbe II.ak Elorriaga menderatu zuen. Kolpekakoan, Aierbek 48 behar izan zituen, eta Elorriagak45etan. Bigarren proban, Aierbek 47 segundo behar izan zituen, eta 59 Elorriagak. Zutikakoan, Aierbek 1.34 behar izan zituen 1.42 aurkariak. Lan luzean, Aierbek 7.52rekin bukatu zituen, eta 8.03rekin Elorriagak. Denetara, 11.01 izan zen Aierberen denbora, eta 11.29 izan zen Elorriagaren denbora.

Kañamares eta Aldape, bikain

Joan den asteburuan abiatu da gazteen lehiaketa ere bai. Bakion 23 urtez azpikoen Txapelketako saio bat jokatu da, eta 18 urtez azpikoen bat ere bai. Gazteenetan, Kañamares III.a izan da onena, eta 23 urtez azpikoetan, berriz, Unai Aldape bizkaitarra gailendu da.

23 urtez azpikoen Txapelketan zaleek bazuten Unai Aldape ikusteko gogoa. Bizkaitar honek badu aizkoran egiteko gaia, baina entrenamenduek ez diote graziarik egiten, eta orain arte ez du bere mailarik izan. Badirudi hemendik aurrera gauzak ongi egin nahi dituela. Larunbatean Mugertza III.a menderatu zuen, nahiz eta doi-doi izan zen. Bizkaitarrak 11 minutu eta 39 segundoan burutu zituen bere lanak, eta 11 minutu eta 44 segundoan, berriz, Mugertza III.ak. Azken horrek, orain 18 urtez azpikoen lehiaketan jarraituko du

18 urtez azpikoen Txapelketan, berriz, Kañamares III.ak nahiko erraz menderatu zuen Rodriguez II.a segoviarra. Lan laburra izateko, gainera, Kañamaresek oso erraz lortu zuen garaipena. 9 minutu eta 19 segundo izan zen bere denbora, eta 11.30 izan zen Rodriguezen denbora.

J.L.

Asteasun eta Lekunberrin hurrengo saioak

Urrezko Aizkorako bigarren kanporaketak datorren asteburuan abiatuko dira. Larunbatean, 22.30ean hasita, Asteasun izango dira maila nagusiko bi saio eta 18 urtez azpikoen bat. Igandean, 12.00etan hasita, berriz, Lekunberrin izango dira kanporaketak, eta maila nagusikoak dira saiorik gehien .

Zubiagarik gabe, Arabak ez du ordezkaririk

Bost herrialdetako aizkolarik hartu dute parte aurtengo Urrezko Aizkoran, baina bat, Araba, jadanik ordezkarirk gabe geratu da. Zubiagak bakarrik hartu du parte, eta bera kanpoan geratu da. Bizkaian, berriz, gazteak bakarrik geratzen dira, herrialdeko txapelduna kanporatu baidute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo