GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

korrika 15en hasiera ekitaldia

«Zor historikoa" kitatuko du Korrika-k ostegunean Karrantzan

Etzi hasiko da euskaltzale guztiek horren luzaz itxarondako Korrika, euskararen aldeko ekimenik jendetsu eta handienna. Dena prest dago ordurako eta Karrantza, lehen kilometroak hartuko dituen herria ere, festa giroan murgilduko da. Bertako idazle batek hartuko du lehen kilometroan Korrika 15en lekukoa, eta beste 2.375 kilometro igaroko ditu Juan Gorritiren lekukoak bere helmugara, Iruñera, iritsi aurretik. Heldu da ordua, heldu lekukoari!

Iker IRIARTE | BILBO

Datorren ostegunetik aurrera Euskal Herri osoko milaka eta milaka lagunek laster egiteari ekingo diote, orduan emango baitzaio hasiera Korrika-ren 15. edizioari. Hilabete luzeetako lan eta prestaketen ondotik iritsi da euskararen aldeko ekimenik erraldoienari ekiteko ordua, eta horren berri eman zuten atzo Bilbon Korrika-ko edizio honetako arduradun -baita aurreko beste batzuetakoa ere- Edurne Brouardek eta Bizkaiko arduradun Tito Serranok.

Honezkero denek jakingo duten moduan, Karrantzatik abiatuko da etzi Juan Gorriti eskulturgileak Korrika-rako preseski eginiko lekukoa, eta hamar egun eta 2.376 kilometroren ondotik, Nafarroako hiriburuan izango du azkena. Alabaina, aurreko egunetako udaberri giro apartaren ondotik iritsi zaigun eguraldi petralak kezka imintzio bat sortu zuen antolatzaileen, korrikalarien eta, oro har, euskaltzale guztien artean. Nolanahi ere den, horretan, imintzio batean baino ez zen geratu guztia, Korrika-ko prentsa arduradun Igor Elorduik gogoratu zuenez, Korrika ez baita behin ere gelditu eguraldi txarra dela-eta. Iazko kasua ere ekarri zuten gogora, non elurra zela-eta -ezin da ahaztu Orreagan hasi zela 14. edizioa- beldur pixka bat ere sortu zitzaien; hala ere, azkenean, ez zen inongo arazorik suertatu eta euskararen aldeko lasterketak aurreikusi bezala ekin zion bideari.

Hala bada -eta iragarpenen arabera, ostegunean pixka bat hobera egingo du eguraldiak nahiz eta ostiralean berriz ere okerrera joko duen-, etzi inolako arazorik gabe abiatuko da Korrika Bizkaiko mendebaletik.

«Ia inoiz baino hobeto»

Askori erakarri dio arreta aurtengo Korrika Karrantzatik, Bizkaiko ertz batetik abiatzeak, baina Korrika 15en arduradun Edurne Brouard auzi horren gainean mintzatu zen: «Korrika-k nonbaitetik abiatu behar du eta nonbait bukatu behar du. Helduko da momentua hori kasualitate hutsa izango dena, ziur aski, baina momentuz saiatzen gara bai abiapuntua eta bai bukaerari zentzu bat ematen», azaldu zuen.

Era horretan adierazi zuen aukeraketa kasualitate hutsa baino gehiago dela, eta bi arrazoi sendo eman zituen horretarako: «Alde batetik, AEK-a eta Korrika-k badaukatelako zor historiko bat Karrantzarekin», adierazi zuen. Izan ere, dagoeneko Korrikaren hamalau edizio ospatu diren arren, oraindik «sekula» ez dela bertatik pasa gogoratu baitzuen. «Uste genuen hainbeste konpromiso eta bideren ostean beste pauso bat eman behar genuela, uste genuen Karrantzak merezi zuela gure aldetik pauso hori ematea, konpromisoa hartzea eta Karrantzaraino eramatea Korrika».

Hori ez da arrazoi bakarra, ordea. «Bestalde, lasterketa erraldoi honen ezaugarri garrantzitsuenetakoa da euskarareen eremu osoa hartzen duela, eta euskararen eremua dira Euskal Herriaren puntak ere», esan zuen Brouardek. «Hori ondo irudikatzeko ere joan nahi izan dugu Karrantzaraino, eta uste dugu horrekin benetan nabarmenduta geratuko dela Korrikak euskararen eremu osoa hartzen duela».

Gainera, bai Brouard bera eta antolakuntza lanetan ari diren gainerako AEK-ko kideak ere bai, «oso pozik» agertu ziren Karrantzako herritarrek eta Udalak Korrika-ren hasiera jasotzearen aurrean hartu duten jarrerarekin: «ia inoiz baino hobeto» hartu gaituzte» nabarmendu zuen Korrika 15en arduradunak. Gainera, «hasiera egun bat» izateko, «sekulako programa» prestatu izana txalotu zuten antolatzaileek.

Horren gaineko azalpenak Korrika-ren Bizkaiko arduradun Tito Serranok eman zituen. Zehaztu zuenez, «adin eta gustu guztientzako» moduko egitaraua prestatu dute Karrantzan. 10.30ean hasiko dira ekitaldiak, Korrika txiki batekin, eta hortik aurrera La Kontxa auzoan hiru gune antolatuko dira bakoitzean zenbait ekitaldi egongo dira: dantzaldia, herri kirolak, magia ikuskizunak, bertsolariak eta mokadutxo aat jateko aukera ere, ezinbestekoa lasterketari ekin aurretik.

Korrika 15en hasiera 17.30ean izango da, eta horren ardura Edurne Brouard eta Bizkaiko AEK-ko arduradun Fernando Landabururena izango da.

«Karrantzatik Euskal Herrira»

Atzoko aurkezpenean Karrantzako alkatea ere izan zen, Jose Luis Portillo. «Ohore bat» da bere esanetan karrantzar guztientzat halako ekitaldi bat jasotzea; are gehiago Korrikaren aurreko hamalau edizioetan bertara iritsi gabea zelako. «Enkarterrietan ibili da baina ez da inoiz heldu Bizkaiko mendebalera», aipatu zuen.

Hori dela-eta, egun handi horren oroigarri bat ere jarriko dutela aurreratu zuen Portillok, plaka bat. Bertan, honakoa irakurri ahal izango da: «euskaraz hitz eginez euskaldunok herri bat osatzen dugu, Euskal Herria, euskararen herria. 2007ko martxoaren 22an euskara Karrantzatik Euskal Herri osora hedatu zen».

Nahiz eta Karrantzan gaur egun euskarak presentzia handiegirik ez duela onartu «aspaldi galdu zen gure inguruan», azaldu zuen-, «gure herriko hizkuntza» berreskuratzeko lan handia egiten urteak daramatzatela baieztatu zuen.

Ibarreko gurasoek euskararen alde duela 18 bat urte eginiko «apustu handia» gogora ekarri zuen, «zailtasunak zailtasun», Karrantzan D eredua ezarri baitzuten, eta Korrika-ren bertako arduradun Monika Ahedok, GARAri duela egun batzuk eskai- nitako elkarrizketan azaldu zuenez, hori da gaur egun Karrantzako ikastetxean eta institutuan indarrean dagoen eredu bakarra.

«Duela bost urte irten zen bertako lehen promozioa», jakinarazi zuen alkateak, «eta horietako asko euskaraz ari dira egiten goi mailako ikasketak», nabarmendu zuen harro. Hori dela-eta, honako baieztapen honekin amaitu zuen Portillok: «euskarak Karrantzan badu iragana, oraina gure gazteekin eta etorkizuna ondotik datozen belaunaldiekin».

eremu osoa

Korrika-k euskararen eremu osoa hartzen du aintzat, eta hori ezin hobeki erakutsiko du Karrantzako hasiera ekitaldiak. «Karraantzak merezi zuen», ziurtatu zuen Brouardek.

2.376

Horiek izango dira Korrika 15ek Euskal Herriko lurralde guztietan barrena egingo dituen kilometroak hamar egunetan. Datorren apirilaren 1ean iritsiko da helmugara, Iruñera.

Korrika kulturala

Korrika hastear egonagatik, oraindik ere bada Korrika Kulturalaren barneko ekitaldiez gozatzeko aukerarik, horrek ez baitu atsedenik hartzen lasterketa amaitu arte.

euskal emakumeak

Korrika 15ek euskararen transmisioan ezinbesteko izan diren euskal emakume anonimoak omendu nahi ditu, eta Edurne Brouarden arabera, hori oso present izango da lasterketa osoan.

 
eguraldia ez da arazo

Antolatzaileek eguraldiak ez duela inoiz atzerapenik ere sortu Korrikan gogoratu zuten atzo, eta aurtengoa ez dela salbuespena izango ziurtatu zuten. Beraz, arropa nahikoa jantzi eta aurrera!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo