GARA > Idatzia > Ikusmira

Edukietan eta formetan, UAGA berritu dute

Edukietan eta formetan berrituta atera da UAGA sindikatua Kongresua eta Batzar Nagusia egin ostean. Duela lau urte Iñaki Fernandez de Larrea presidente kargurako hautatu zutenean, sindikatuaren kudeaketan belaunaldi berriei sarrera eman zieten; eta atzo Batzar Nagusian, orain arteko presidenteak parte hartzen duen eta Yolanda Urarte buru duen hautagai zerrenda aukeratuta, orduko aldaketetan sakontzeko nahia adierazi zuen boto-emaileen gehiengoak. Lehen aldiz 30 urtean, emakume bat izango da UAGAko presidente; eta, lehen aldiz ere, Trebiñuko ordezkari batek zuzenduko du sindikatua. Eta bi ezaugarri horiek dituen emakumea aukeratzeak badu duela aste batzuetako Kongresuan UAGAko Estatutuetan egin zituzten aldaketekin loturarik. Bertan, besteren artean, genero ikuspegia islatzeko erabakia hartu zuten. Batzar Nagusira aurkeztu ziren hautagai zerrenda bietan, bestela, Trebiñu ordezkatua izateaz gain, lurralde horrek bizi duen egoera bereziaren inguruan jarrera agertzeko premia nabarmena da Arabako baserritarren artean. Atzo eta atzoko batzarraren aurreko eztabaidetan ikusitakoaren arabera, UAGA sindikatu bizia da. Horiek hala, Yolanda Urartek zuzenduko duen taldeak, 1.600 nekazaritza eta abeltzaintzako enpresaren interesak eta beharrak asetze aldera, datozen lau urteotan egin beharreko lana ez da makala izango.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo