Israeldar gehienak Palestinako blokeoaren aurka daude
Israelgo populazioa ez dator bat bere Gobernuarekin, eta Palestinarekin harreman normalizatuak izatea eta boikota amaitzea nahi du. Bestetik, boikot horretan gero eta zirrikitu gehiago daude. Atzo, Norvegiako ministroorde bat Ismail Haniyeh (Hamas) lehen ministroarekin bildu zen Gazan, eta blokeoaren aurka mintzatu zen.
GARA |
Israelgo populazioaren erdia baino gehiago Estatu juduak Palestinaren aurka ezarri duen blokeoaren aurka dago, Dahaf institutuak egindako inkesta baten arabera.
Alde horretatik, itaundu dituztenen artean, %39k Israelgo Gobernuak Palestinako batasun nazionaleko Gobernu berriarekin harreman normalizatuak izan behar dituela erantzun zuten.
Horiekin batera, %17k harremanak Al Fatahko kideekin soilik izan behar direla erantzun zuten. Egun, Palestinako agintariei Israelgo Estatua onartzea jarri diete harreman normalizatuak izateko ezinbesteko baldintza gisa. Bestetik, Aginte Nazional Palestinarreko (ANP) presidente Mahmud Abbesekin bakarrik hitz egingo duela esan du Tel Avivek.
Inkesta horren arabera, Israelgo populazioa palestinarrekin hitz egiteko prest dago; bertako Gobernua, aldiz, beste politika bat egiten ari da.
Dena den, Hamasek iaz hauteskundeak irabazi zituenean Palestinaren aurka ezarri zuen boikotean zirrikituak azaltzen hasi dira. Abidez, Norvegiako Kanpo Arazoetako estatu idazkari Raymond Johansen Palestinako lehen ministro Ismail Haniyehrekin bildu zen atzo.
Johansen boikota hasi zenetik Hamaseko agintariekin biltzen den lehenengo diplomazialari europarra da.
Norvegia Palestinako batasun nazionaleko Gobernua errekonozitzeko eta harreman normalizatuak izateko prest azaldu da. Norvegia ez da Europar Batasuneko kidea.
«Gobernu berriak nazioarteko komunitateak eskatzen dituen baldintzak betetzen dituelakoan nago», adierazi zuen atzo Gazan Johansenek Haniyehrekin eta Palestinako Kanpo Arazoetako ministro Zeiad Abu Amerrekin bildu ostean.
Kontuan izan behar da Norvegiako Gobernuak palestinarren eta israeldarren artean sinatu zuten Osloko akordioa bultzatu zuela.
Haniyehek zuzentzen duen Gobernuak izan dezakeen etorkizuna «oso itxaropentsua» dela azaldu zuen lehen ministroak Johansenekin bildu ondoren.
Alde horretatik, AEBak Palestinako Finantza ministroarekin, Hirugarren Bidea alderdiko Salam Fayad-ekin, biltzeko prest azaldu dira.
Batasun nazionaleko Gobernuaren helburu nagusietako bat palestinarren arteko barne liskarrak amaitzea da. Akordioa sinatu zutenetik, Hamasen eta Al Fatahren arteko tiroketak amaitu dira.
Atzo, berriz, Hamasen Azzedin al Qasam brigadetako kideek Israelen aurkako erasoa egin zuten. Joan den azarotik hona gertatu den mota horretako lehen erasoa da hori.
Azzedin al Qasamen erasoa
Adierazpen batean Azzedin al Qasam brigadek azaldu zutenez, ezkutuko tiratzaile batek Israelgo militar bat jo zuen Gaza hiritik ekialdera dagoen Kami bidegurutzean.
Israelgo agintariek pertsona bat balaz zauritu zutela onartu zuten, baina, iturri horien arabera, ez zen militarra, gasolina zerbitzugune bateko langilea baizik. Ondoren, kalterik eragin ez zuen tiroketa bat izan omen zen soldadu israeldarren eta Palestinako militzianoen artean.
Bestalde, ustez lehergailuekin zebilen Ihad Islamikoko kide bat hil zen atzo Gazan, iturri palestinarrek jakinarazi zutenaren arabera.
La gestión y transporte de los residuos radioactivos es un gran problema quos quos radioactivos es un gran problema quos quos radioactivos es un gran problema que pued.
Duela 16 urte Israelen Armadak elbarri utzi zuen palestinar bati diru ordaina eman behar diotela agindu zuten epaileek. Aataf al Makus-ek 14 urte zituen Jabaliako errefuxiatu-eremuan tirokatu zutenean.