izotz hockeya
Hormadik kanporaketako bosgarren partida jokatzeko modua egin du
J.L. | BAIONA
Hormadik Elite Ligako jaitsierako kanporaketetan, bosgarren partida jokatuko du, asteburu honetan Dijonen aurka jokatu dituen partida bat irabazi ostean. Hala ere, hori Dijonen izango da, eta angeluarrek mailari eusteko dituzten aukerak asko gutxitu dira.
Lehen bi partidak galdu egin zituen Dijonen, eta asteburu honetan etxean jokatu behar zituen biak irabazi behar zituen talde lapurtarrak, baina gauzak ez dira ongi joan.
Hasi, bai, hasi ongi egin zuen, larunbatean 4-1 irabazi baitzuen, eta iganderako itxaropen handiak piztu ziren. Courally, Gernier, Larroque eta Teixeira-Leite izan ziren lapurtarren golegileak. Herenegunerako itxaropenak zeuden, hori irabazita seigarren partida ere jokatu beharko baitzen, eta hori Angelun izango zen, baina Hormadik 1 eta 5 galdu zuen. Marechalek lortu zuen euskaldunen gola.
Txuri-urdinek, aldiz, irabazi egin zuen Vall de Aranen 5 eta 6 eta Espainiako Kopako final-laurdenetako hirugarren partida jokatu beharko dute, lehenengoa galdu egin baitzuten joan den astean.