GARA > Idatzia > Kolaborazioak

Jokin Zubieta Valencia

Basajaun, hamar urte!

Hamar urte Josu gabe; tartean Ina, Olaia eta beste lapurtu zizkiguten eta hurrengo urteetan gehiago lapurtuko dizkiguten beldur gara. Hamar urte ausardia, gogoa eta hitza faltan botatzen. Gerra ote da gure patua?

Hamar urte dira Josu bahitu, torturatu eta erail egin zutela espainiar Estatuko indar armatuek. Denbora honetan ez familiak ez inork ez dugu ezer jakin hil zuenari buruz; aipu ere ez dugu eginen Espainia aldeko biktimek gora eta behera ibiltzen duten bar- kamena eta damua. Hori bai, aitortu behar dugu Josu militantea zela, gudaria. Armak eskuetan Euskal Herrirako independentzia eta sozialismoa lortzeko bizitza bera ere eman zuena. Josu ez zen joan herriak zanpatzera, jendea torturatzera. Josuk ez zuen inor aterrorizatzen. Ez, Josuk bere herria eta, hortaz, munduko herri guztiak askatu nahi zituen.

Etsaiari oinarrizko begirunea eskatu beharko genioke, gerraren krudelkerian ere begirunea kabitzen baita. Baina, ustezko Eusko Jaurlaritzari? Egun hauetan komunikabideetan ere propaganda egiten ari dira Espainiako biktimekiko ezagutza gora eta behera, eta batek daki entzutean nor ari den mintzatzen. Espainiako guardia zibil, polizia eta militar okupatzaile, gure herriaren zanpatzaileentzat ezagutza eskatu, begirune, dirua eman... eta gure herriaren alde bizitza eman dutenentzat... Eskatu ote dute indar berez krimen horiek argitzea? Omenaldirik egin ote diete? Pagatu al dituzte ehorzketak (lapurtzen diguten diru guztiarekin)? Senideei indemnizaziorik eman ote diete? Honelakoa da bizitza, inbasorearen morroiak morroi.

Baina Josu honen guztiaren gainetik zegoen. Josuk bizitza maite zuen, eta nola! Alaitasunez blaitzen zuen inguru osoa. Maite zuen natura; lekuak eta jendeak maite zituen. Eta eskuzabala zen, oso; gerra egiteko eta hein berean bakea egiteko. Tamalez, gure etsaiak ankerki egiten du gerra baina bakerako ausardia eta gogoa falta zaizkio.

Izan ere, hamar urte hauetan hainbat aukera egon baitira bakea egiteko eta huts egin digu etsaiak. Espainiar eta frantziar estatuek huts egin digute bakea heldu zitekeenean. Gerra besterik ez ote dakite egiten? Ahoa bake hitzarekin betetzen zaie eta ez dute ideia urrunik ere nola egiten den. Kolpeka egin ote nahi dute bakea? Hamar urte hauen bidaian Lizarra eta Garazitik pasatu ginen gure anai-arrebekin bakea egin nahian (sasizko anai-arrebak ote?) eta huts egin zuen saioak. Ehunka euskal herritar atxilotu, jipoitu, auzipetu dituzte. Hainbeste non euskaldun guztiak hasi baitziren presogai sentitzen; non milaka eta milaka jende aukera politikorik gabe gelditzeko beldur zeuden.

Hamar urte Josuri bizia ebatsi ziotela eta denoi ebatsi zigutela maitasunezko bizi hori. Eta beste izpi bat agertu zen lainoen artean. Espainiar Estatuak akordioa egin omen zuen ETArekin eta honek su-etena eman zuen. Eta betiko moduan, ausardia batzuei, gogoa besteei eta hitza guztiei falta omen zaie. Bai, hitza ez dugu aipatu baina gure etsaiak hitzik ez dauka. Euskaldunak hitza hitz, bai. Akaso, hitzaren existentzia guztiak hartu genituen euskaldunok eta gure etsaientzat ez da gelditu? Hamar urte Josu gabe; tartean Ina, Olaia eta beste lapurtu zizkiguten eta hurrengo urteetan gehiago lapurtuko dizkiguten beldur gara. Hamar urte ausardia, gogoa eta hitza faltan botatzen. Aurreko 30 urteetan bezala. Gerra ote da gure patua?

Maite zaitugu, Josu, oraindik ere, eta maite izanen zaitugu. Eta maite ditugu erori diren gudari guztiak. Baita eroriko direnak ere, gaurdanik eta atzotik maite ditugu. Eta gure herria; eta askatasuna. Josuk maite zituen moduan maite ere.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo