GARA > Idatzia > Euskal Herria

Gipuzkoako botikek elikadura arazoei buruzko kanpaina hasi dute

Elikadura arazoak garaiz detektatzeko kanpaina aurkeztu du Gipuzkoako Sendagaigileen Elkarteak, anorexiaren eta bulimiaren aurka lanean ari den Acaberekin batean. Botikariak bezeroengandik hurbil daudela aprobetxatuta, informazioa eta laguntza eman nahi dute.

GARA |

Argaltzeko botika, heste-aringarri eta diuretiko gehiegi hartzea eta hagitz maiz pisatzea dira elikadura arazoen alarma deiak, Gipuzkoako Sendagaigileen Elkarteko eta Acabeko kideek atzo baieztatu zutenez. Informazioa eta laguntza eman nahi diete janariarekin arazoak dituztenei, ez dituztenei eta izateko arriskua dutenei. Zalantzak argitzeaz gain, herritarrak sentsibilizatzea du xede probintziako 300 botikatara zabaldu den ekimenak. Izan ere, Gipuzkoako Acabeko koordinatzaile Garbiñe Agirrek ohartarazi zuenez, «gaixotasun hauek ez dira modelo izatea amesten duten neskatoen kontua; edonork izan ditzake eta serio hartu behar dira».

Botikariak bezeroengandik hurbil daude, harreman zuzena izaten dute eurekin, eta hori baliatuko dute elikagaiekin arazoak dituzten pertsonei eta ingurukoei laguntzeko eta zer egin dezaketen aholkatzeko.

Ikastaroak eta dei bikoitza

Ekimenaren barrenean ikastaroak antolatu dituzte botikarientzat, psikologoek eta elikadurako adituek azalpenak eman diezazkieten. Gainera, 10.000 informazio liburuxka banatuko dituzte bezeroen artean. Edonoren eskura jarriko dituzten testu horietan anorexiaren, bulimiaren eta elikagaiekin lotutako bertzelako eritasunen sintomak zehazten dira. Dei bikoitza ere eginen dute ekimenaren sustatzaileek: lehenengoa, argaltzeko produktuak merkaturatzen dituzten laborategiei, publizitate kanpainetan gorputz meharregiak ez erakusteko eskatzeko, eta bigarrena, osasun arloan agintea dutenei, heste-aringarri eta argaltzeko botika zehatz batzuen iragarkiak kentzeko galdegiteko.

Gipuzkoako Sendagaigileen Elkarteko Gobernu Batzordeko idazkariak, Maria Angeles Arrazolak, botikariak adi egonen direla iragarri zuen atzo: «Jateko ohitura onak zein diren eta zein onura dituzten erakutsiko dugu; mirariak egiten omen dituzten dietak zein arriskutsuak diren azalduko dugu, baita heste-aringarriak, diuretikoak eta kiloak galtzeko beste botika batzuk ere, errezetarik gabe erosten ahal direnak», erran zuen.

Bertze toki batzuetan ere antzeko proiektuak gauzatu direla jakinarazi zuen Arrazolak. Sentsibilizatzeko eragingarriak izan dira, botiketako bezero ugarik deitu baitu Acabek bezala elikadura arazoak gainditzen laguntzen duten elkarteetara.

Acabeko koordinatzaile Garbiñe Agirrek, baina, Gipuzkoako egoeran jarri zuen arreta: «12 eta 21 urte arteko emakumeen %4,5ek arazoak dituzte janariarekin. Gizonekin ez da oraindik azterketa sakonik egin, ezta 21 urtetik gorako jendearekin ere. Gure elkartean joera bat antzeman dugu, ordea. Gero eta anorexia gutxiago eta bulimia gehiago dago, eta zehaztu gabeko arazo iraunkorra deitzen zaiona ere gora doa. Azken hori aurrekoak baino larriagoa izan daiteke eta anorexia edo bulimia izateko baldintzaren bat betetzen ez denean diagnostikatzen da; emakumeek hilerokoa izaten jarraitzen dutenean, esate baterako», azaldu zuen.

Urtero ehun laguni diagnostikatzen diete probintzian elikadura arazoren bat; 11 eta 58 urte arteko jendea da kaltetua, gehien-gehienak (%90) emakumeak. Acabera jotzen duten gehienak 28-30 urteko andreak dira, bulimia edo zehaztu gabeko arazo iraunkorra dutenak. Normalean, gehiago ezin dutenean joaten dira elkartera, gaixotu zirenetik hiru urte pasatu direnean. Badira 10 edo 15 urte eri daramatzatenak ere.

«Hazten ari den epidemia»

Egoera horren aitzinean, mezu garbia helarazi zuen Garbiñe Agirrek: «Gero eta gehiago dira jateko ohitura arriskutsuak dituztenak, hazten ari den epidemia da. Horregatik, beharrezkoa da osasun arloko agintariek eta herritarrek eritasun hauek serio hartzea. Modelo izatea amesten duten neskatxen kontua ez dela jabetzea, gutako edonori gerta dakiokeela konturatzea. Badira tratamenduak sendatzeko, eta profesionalek (botikariek kasu honetan) informazioa zabal dezakete eta zabaldu behar dute».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo