Baionako Herriko Etxeak du puntuazio kaskarrenetakoa Kontseiluak egin neurketan
Euskara ofiziala ez den eremuetan, Baionako Herriko Etxea dago, 0,002 punturekin, Kontseiluak 2006an egin zuen hizkuntza-politikaren neurketan azken bigarren postuan; hain zuzen, Tuterakoaren aurretik.
Maria AIZPURUA |
2006ko bukaera aldera Kontseiluak argitara eman zuen hizkuntza-politikaren neurketaren lehen aurkezpena egin zuten, asteazken arratsean, Baionan. Neurketaren nondik norako orokorrez gain, Ipar Euskal Herriko datuak eta bereziki Baionakoak azaldu zituzten Ione Josiek, Iñaki Lasak, Xabier Mendigurenek eta Jakes Borthairuk.
Mendigurenek gogorarazi zuen hizkuntz-politika izan dela azterketaren jomuga eta ez euskararen erabilera; hau da, euskara sustatzeko herriko etxeek hartu dituzten edo ez dituzten neurriak ebaluatu dituzte parametro zehatz batzuen arabera; izan ere, «ezer ez egitea hizkuntza-politika ere baita».
Euskal Herri osoan neurtu dituzten 66 udalerrietan, Baiona azken bigarren postuan azaltzen da, 0etik 10 arteko tartean, 0,002 punturekin. Euskara ofiziala ez den eremuetan Tuterako udalerria du soilik atzetik. Ofizialtasunaren parametroa ez ezik beste batzuk ere -hizkuntzaren ezagutza (%0-20 tartekoa), agintean dagoen alderdia (UMP)- kontuan hartu ditu neurketak.
Lapurdiko hiriburuko Herriko Etxean ez da ezer aipagarririk egiten euskara sustatzeko, seinale eta esku-orri batzuetan testimonialki presente izatea ez baita nahikoa hizkuntza-politika batek eskatzen duen koherentzia minimoa izateko.
Panorama beltza
Ez komunikazio ofizialetan, ezta web orrian ere, ez da euskararik agertzen; langileei ez zaie erraztasunik ematen euskalduntzeko; euskalgintzako Baionako taldeak ez dira diruz laguntzen; ez dago euskara-zerbitzurik... Horratx Baionako udalerriak euskarari dagokionez agertzen duen panorama beltza. Alta, abenduan urrats bat egin zuen Euskararen Erakunde Publikoarekin hitzarmena sinatuta.
Horren arabera, Baionako Herriko Etxeak hainbat engaiamendu hartu ditu, hala nola euskara teknikaria kontratatzea, formakuntza erraztea, hizkuntza-paisaian eta kanpo-komunikazioan euskararen presentzia bermatzea. Bidea hasteko urrats txiki batzuk, bederen.
Ipar Euskal Herrian, guztira, sei herriko etxe aztertu ditu Kontseiluak. Baionakoak bezala, gainerakoek ere oso puntuazio kaskarra lortu dute: Biarritzek 0,56; Atarratzek 0,4; Donibane Lohizunek 0,239; Angeluk 0,22 eta Hazparnek 0,218.
Aipatzekoa da Euskal Konfederazioak (EK), 2002tik abiatutako lanari esker, tokian tokiko administrazioan euskara sustatzeko hitzarmena sinatu duten 42 udalerriak ez direla neurketa horretan sartu. Jakes Borthairu EK-ko ordezkariak azaldu zuen: «Deliberatuki utzi ziren azterketatik kanpo, herriko etxe horiek egindako urratsa ez oztopatzeko eta hartutako bidean interferentziarik ez sortzeko». Horrek Ipar Euskal Herriari dagokion datuetan halako «desitxuraketa» bat ekar lezake, baina bai Lasak bai Mendigurenek zehaztu zuten neurketa gehiago izango direla eta, edozelan ere, neurketa hau lan-tresna gisa hartu behar dela, «esnatze bat bezala izan beharko luke, aurrera egiteko».
Udazkenetik, EEPk hartu badu ere orain artean EK-k herriko etxeekin egindako lanaren lekukoa, Borthairuk nabarmendu zuen «akatsa» izango litzatekeela dena EEPk egingo duela ustea, «asko baitago egiteko».