Giza eskubideak interesen mende
D uela hamabost egun Nazio Batuen Erakundearen misio baten txostenak Sudango Gobernuak Darfurko genozidioan duen erantzukizuna agertu zuen. Atzo, ordea, NBEko Giza Eskubideen Batzordeak bere kezka agertu zuen eskualde hartako zibilen kontrako biolentzia dela-eta, baina Khartumgo Gobernua aipatu ere ez zuen egin. Txostenetik atzoko ebazpenera desagertu egin da gobernu horren erantzukizuna. Eskualde horretara joan zen misioak ez zuela sartzerik izan esaten du ebazpenak, baina ez Sudango Gobernuak galarazi ziola sartzea. Uste izatekoa da NBEren erabaki horretan Sudanen presioek eragina izan dutela, eta uste izatekoa da, halaber, presio horiek laguntza boteretsua izan dutela. Izan ere, azken urteotan Khartumgo Gobernu islamistaren eta AEBen arteko harremanak nabarmen aldatu dira: etsai amorratuak izatetik «terrorismoaren kontrako gerran» kolaboratzaile izatera igaro dira. Eta badira beste zenbait herrialde boteretsu Sudanen ageriko interesak dituztenak, hala nola, Txina eta Frantzia. Interes geopolitiko eta ekonomiko horien erdian, NBEren atzoko ebazpena hipokrisiaren agerpen negargarria da. Aztertzaile askok segurutzat jotzen dute Sudanen zatiketa, eta jokoan da petrolioa banatuko duen muga ezartzea. Ebazpen horren arabera, beraz, giza eskubideen muga ere petrolioarena da.