GARA > Idatzia > Euskal Herria

Herritarren hitza errespeta dezaten eskatu du Atxondoko AHT Geldituk

Atxondarrak zoriondu zituzten kontsultaren prozesuan izandako jarrera demokratiko eta parte-hartzaileagatik. Orain euren erabakia jakinaraziko diete Administrazioei, eta ibilbidean dauden gainerako herriei ere bizilagunen iritzia jasotzeko gonbita egin diete.

Maider EIZMENDI |

«Atxondok ezezko borobila eman dio AHTri», horrela azaldu zuen herri honetako AHT Gelditu! Elkarlanak, iragan igandeko herri kontsultaren emaitzak baloratze aldera atzo egindako agerraldian. Hala, orotara 471 boz izan zirela azaldu zuten eta 468k ezezkoa eman ziotela jakinarazi.

Elkarlaneko kideek lehenik eta behin, herritarrak zoriondu zituzten «kontsultaren prozesuak iraun duen bitartean informazioa aztertu, bilera eta hitzaldeetan eztabaidatu eta euren boz emateko erakutsi duten jarrera demokratiko eta aktiboagatik». Halaber, Atxondoko Udalan agintzen duen EAJren jarrera «antidemokratiko eta sabotatzailea» salatu zuten.

Herri kontsultaren emaitzak Atxondoko Udalari, Lakuari eta Estatu espainoleko Gobernuari jakinaraziko dizkiete orain, eta herritarrek hartutako erabakia errespetatua izan dadila exigituko diete, «bereziki Abiadura Handiko Trenaren egitasmoak kalte handiak eragingo dituelako Atxondoko ingurumenean eta bizi kalitatean».

Atxondon ez ezik, AHTk zeharkatuko dituen gainerako herrietako etorkizuna ere erabat baldintzatuko duela adierazi zuten atzo, besteren artean, herriak inkomunikatuko dituela uste baitute.

Herritarren iritzia aintzat hartu ez izana ere salatu zuten. «AHT bultzatu nahi duten erakundeek eta bereziki, Eusko Jaularitzak, herritarren, herrien eta kontzejuen borondatea kontuan izan gabe bultzatu nahi dute egitasmo erraldoi hori». Aldean, herritarrak dira erabaki behar dutenak euren iritziz, eta horregatik ibilbideko beste herriak animatu zituzten kontsultak egin ditzaten. Alde horretatik, bihar bertan Alegiako bizilagunak aukera izango dute AHTren gainean euren iritzia emateko, herri kontsultarako deia egina baitago. Goizeko bederatzietatik 20.30 arte egongo dira zabalik bozkalekuak.

Gaur zita Durangon izango da bertan AHTren aurkako eguna antolatu baitute. Atxondoko AHT Gelditu! Elkarlanak joateko deia egin zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo