GARA > Idatzia > Tau

Saskibaloia

Olympiacosen aurretik Caja San Fernando hartuko du

GARA | GASTEIZ

Tau Baskoniak Olympiacos ahaztu beharko du gaur arratsaldean, Moncho Lopezen Caja San Fernandoren aurka jokatu behar baitu arratsaldeko 19.30etik aurrera.

Aspaldiko partez taldea oso-osorik eskuragarri izango du Bozidar Maljkovicek. Alabaina, Arslan gabe jokatuko dute arabarrek Sevillakoen aurka, Josean Kerejetak zuzentzen duen taldeak ez baitio kontratua luzatu turkiarrari. Hala, une honetan, Arslan Istanbulen da atzera, Europako beste talderen batek -ACB Ligatik at jokatzen duena bada ere- fitxatzen duenentz zain.

Casa San Fernando, bere aldetik, aste zalapartatsua bizi izatetik dator. Alkoholemia kontrol bat egin nahi ez izateagatik komisaldegian gau bat pasa ostean, Demetrius Alexander taldetik kanpo egon da aste honetan eta publikoki barkamena eskatu behar izan du gaur jokatu ahal izateko. Bestetik, min hartuta dauden Videnov eta Carlos Cazorla gabe etorri dira Moncho Lopezen gizonak Gasteiza.

Hondarribia-Irun

Hondartza pabiloian, arratsaldeko 19.00etatik aurrera jokatuko du, bestalde, Hondarribia-Irunek. Bere aurkaria Estudiantes izango da.

Joan de asteburuan UB Bartzelonaren aurka galdu ostean, neurketa «erraza» behar luke gaurkoak Jon Txakartegiren neskentzat, madrildarrak azkenaurren baitira Emakumeen Ligako sailkapenean. Hala, bigarren postua poltsikoan izanen lukete gipuzkoarrek partida irabaziz gero. Aldiz, Estudiantesek Emakumeen Ligan bizirik jarraitzea du jokoan, galtzen badute maila galduko dutelako.

Azkenik, Iziane Castro brasildarra albiste iturri bilakatu da egunotan, izan ere WNBAko Seattle Storm taldearekin akordioa sinatu baitu beste bi urtetan beraiekin jokatu ahal izateko. Eskolta hegoamerikarrak WNBAn jokatu duen bost urteetan batez beste 7,2 puntu, 2,1 errebote eta 1,4 asistentzia lortu ditu partidako.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo