GARA > Idatzia > Errugbia

Heineken Kopa

Aurrera egingo duten segurtasuna dago Biarritzen

Aurten jokatutako bi partidetan, lapurtarrak Northampton baino hobeak izan dira, eta ingelesak, gainera, Ligako sailkapeneko azkeneko postuan daude

Jon LEUNDA | BIARRITZ

Biarritzen dena prest dago bihar Donostiara etortzeko. Kaleetan ikur zuri-gorriak non nahi ikusten dira, eta gehienek Donostiara etortzeko txartela erosita dute. Inork gutxik uste du, gainera, Europako Kopatik kanpo geratuko direnik.

Hala ere, irabazi aurretik kanpaiak jotzen ez dela hasi behar esan zuen atzo Patrice Laguisquet entrenatzaileak, Hendaian egin zuten prentsa agerraldian: «Egia da gure arteko partidei begiratuta, emaitzak geure aldekoak direla, baina horri begira ezin dugu egon. Baloia jokatzen ez diegu utzi behar», esan zuen.

Hala ere, Northamptonek bizi duen egoera kontuan hartuta, beraientzat partida izango zela ere onartu zuen: «Egia da Northampton Ligan ongi ez dabilela. Beraiek une honetan buruan mailari eustea dute, eta baldintza horietan beste lehiaketa batean burua jartzea ez da batere samurra, baina agian mesede ere egin liezaieke»,erantsi zuen.

Marcel Martinek, Biarritzeko presidenteak, Anoeta zuriz eta gorriz jantziko zela esan zuen, eta denei eskerrak eman nahi izan zizkien: «Garbi dago igandean Anoeta zuriz eta gorriz jantziko dela eta eskerrak eman nahi dizkiet alde guztietako zaleei. Anoeta gure bigarren etxea da, eta denentzat zabalik gaude, etortzen diren guztiak ongi hartuko ditugu», esan zuen agintari lapurtarrak.

Biarritzen kezka nagusia, euria da. Biharko eguraldi txarra iragarrita dago, eta horrek dezente kezkatzen ditu, ez jokalariak eta entrenatzaileak bakarrik, baita zaleak ere. Izan ere, euri asko egiten baldin badu, baloia eskuz jokatzea oso zaila izango baita, irristakorra egongo baita, eta horrek baloia errazago galdu daitekela esan nahi du. Hala ere, eguraldi txarra egiten badu, denentzat berdina izango da.

Liga Federala

Liga federalean, Lehen Mailan, Donibane Lohizunek hirugarren fasea jokatu ahal izateko azkeneko aukera izango du. Bihar 15.00etatik aitzinera Graulhet hartuko du. Lehen itzuliko hiru partidak galdu egin ditu talde lapurtarrak.

Jaitsierako fasean, Maulek ezinbestekoak izango ditu puntuak gaur arratsaldean, Millavais taldearen aurka jokatuko duen partidan. Neurketa 17.30ean hasiko da. Nafarroa lasaiago dago, baina horri ere komeni zaio irabaztea. Marseillan arituko dira bihar aratsaldean, 15.00etan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo