GARA > Idatzia > Kultura

Akademiak euskaltzain oso izendatu berri du Aurelia Arkotxa

Atzo Donostian egin osoko bilkuran 25. aulkia betetzeko bozketa egin zuen Euskaltzaindiak, eta Akademiako arautegiak agintzen duen gehiengo osoa lortu ondoren, Aurelia Arkotxa izendatu zuen euskaltzain oso. Hutsartea betetzeko iragan otsailean proposatu zuten bera.

GARA | DONOSTIA

Iragan otsailaren 23an, Euskaltzaindiak Bilbon egin zuen osoko batzarrean, Aurelia Arkotxa euskaltzain urgazlea proposatu zuen, 25. zenbaki-hutsartea betetzeko. Jean-Louis Davant, Emile Larre, Txomin Peillen eta Beñat Oihartzabal euskaltzainek proposatu zuten, hain zuzen ere.

Hori hala, atzo bozketa egin behar izan zuen Euskaltzaindiak, Donostian, aipatutako 25. aulkia betetzeko, eta Akademiako arautegiak agintzen duen gehiengo osoa eskuratu ostean, euskaltzain oso izendatu zuten Aurelia Arkotxa.

Baigorrin sortu zen Arkotxa 1953ko urriaren 3an. Baina, haurtzarotik bizi izan da Hendaian. Filologia Hispanikoan lizentziatua, Euskal filologian doktoretza lortu zuen 1990. urtean. Tesia Bordeleko Unibertsitatean aurkeztu zuen, Gabriel Arestiren gainean idazten zen lehena, «Maldan behera» poemari buruzkoa. Hauxe zuen izenburua: «Imaginaire et poésie dans `Maldan behera' de Gabriel Aresti (1933-1975)».

Bordeleko Michel de Montaigne Unibertsitatean Euskal Hizkuntza eta Literaturako katedraduna ere bada 2000. urteaz geroztik, eta Bordelen zein Baionako fakultatean Literatura eta Literaturaren Teoria irakasten ditu. IKER-CNRSko ikerlari taldeko partaidea da.

Euskaltzain urgazle, 2003an

Arkotxa 2003ko urtarrilaren 31n izendatu zuen Euskaltzaindiak euskaltzain urgazle. Eta, Akademiako Literatura Ikerketa Batzordeko kidea da gaur egun.

Bestalde, poemagintzaren esparruan «Atari ahantziak» argitaratu zuen 1993. urtean; Grezia klasikoaz eta Egiptoko mitologiaz dihardu euskaltzain oso berriak lan horretan.

«Maiatz» aldizkariko sortzaileetariko bat bada, gainera. Eta, «Lapurdum» agerkari zientifikoaren zuzendaria da gaur egun.

Osterantzean, «Argia» eta «Berria» hedabideetan argitaratzen ditu artikuluak eta «Sautrela» saioan ere kolaboratzen du. Euskaltzaindiatik atzo prentsa ohar baten bitartez gogorarazi zutenez, «Maiatz» aldizkarian ere maiz publikatzen du, baita «Mazantini», «Zurgai», «Garziarena» eta «Hegats» aldizkarietan ere.

Aurelia Arkotxak hainbat liburutan parte hartu ez ezik, ondoko liburuak ere argitaratu ditu: «Atari ahantziak» (1993), «Septentrio» (2001ean euskaraz, eta iaz frantsesez), «Antoine d´Abbadie, Pensees etudes et voyages de 1835» (1997, Patri Urkizurekin batera), «Euskal kritika gaur» (Mari Jose Olaziregirekin batera, 2002an), «Imaginaire et poesie dans Maldan behera de Gabriel Aresti (1933 - 1975)», «Territoires oublies des terre-neuvas labourdins des XVI et XVIImes sicles. Memoire des lieux, memoire des mots travers les routiers de Martin de Hoyarsabal (1579) et de Joannes Detcheverry Dorre (1677)».

PROPOSAMENA

Otsailaren 23an Bilbon egin osoko batzarrean proposatu zuten Arkotxa euskaltzain urgazlea 25. zenbaki-hutsartea betetzeko. Jean-Louis Davant, Emile Larre, Txomin Peillen eta Beñat Oihartzabal euskaltzainek proposatu zuten.

IBILBIDE MARDULA

Euskaltzaindiako Literatura Ikerketa batzordeko kidea da egun. «Lapurdum» agerkari zientifikoaren zuzendaria ere bada, eta hainbat hedabidetan kolaboratzen du. Liburu andana argitaratu ditu urteotan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo