Tas-Tas, hamabost urte Bilbo Handiko uhinak astintzen
Goitik beherako eraberritzearekin ospatuko du Tas-Tas irratiak hamabosgarren urteurrena. Estudio berriarekin batera, programazio osotua, web-orri indartua eta «Zaratas" konpartsa estreinatuko dituzte. Aldarrikapenen artean, elkarlana sustatzea dute helburu.
Amalur ARTOLA | DONOSTIA
Ohiko komunikabideetan bazterrean geratzen diren gaiei tartea eskaintzea, gizarte eragileen aldarrikapenak islatzea eta trataera berezitua. Horiek dira Tas-Tas irrati librearen sorreraren gakoak. 80ko hamarkadan -irratigintza librearen hastapenetan- jasotako esperientziak bildu eta 1992 urtean sortu zuen Bilbo inguruko talde batek eta, hamabost urte geroago, hasierako aldarrikapen horiek indarberritu eta elkarlan eredu berriak jarri dituzte mahai gainean. Honen isla da egun Tas-Tasek Arrosa Sarean, REMCen (Estatu espainoleko sarea) eta AMARCen (munduko irrati komunitarioen elkartea) duen ordezkapena.
Uhinen garai honetan ordenamendu berriaren planteamentuak indarra hartu du eta irrati libre, komunitario eta kulturalen ereduaren aldeko apustua egiten dute Tas-Tasko kideek eta, bide horretan, «denbora luzez hemen gauden irratiak, gizarte mugimenduentzat adierazpen bide ezinbestekoa garenak, aintzat hartzea» eskatzen dute.
Izan ere, ez da makala Bilbo inguruko irratiak urte hauetan hartu duen konpromisoa. Kalitatea oinarritzat hartuta, programazio osotua eskaini dute -arrakasta itzela izan duten saioak barne; «Ahlan», «Mar de Fueguitos» edo ibilbide laburragoa daraman «Axa Mixa», esaterako- eta, urtemuga berezi horretarako, berrikuntzak iragarri dituzte. Nabariena epe laburrean estudio berria izango dutela da, digitalizatua, parke telematiko eta baliabide tekniko berrituekin. Sarean, web-orriaren diseinua eraberritu dute eta, uhinetan, kultur eta politika audioak tartekatu eta sintoniak berritu dituzte.
Horrez gainera, copyleft musikari tarte zabalagoa eskaini nahi diote, «euskal musika alternatiboa eta jabego intelektualaren beste ikuspuntua» bultzatzeko ahaleginean, eta Arrosako ekoizpen zentroan dauden euskarazko saioak ere emango dituzte. Goizetan gaztelaniazko magazina eta arratsaldetan euskarazkoak ematean datza egituraketa. Iluntze partean, gizarte eragileek eta norbanakoek dute tartea.
Kalera begira, urte askoan konpartsa bat ateratzeari muzin egin badiote ere, aurtengo jaietarako «Zaratas» konpartsa sortzea deliberatu dute.