GARA > Idatzia > Euskal Herria

Une oro eta etxeko txoko guztietatik SOS Deiak-ekin komunikatuta

Teleasistentzia sistemari esker, adinduek eta murriztasunen bat duten pertsonek botoi bat sakatzea aski dute sos deiak zerbitzuarekin komunikatzeko. zer moduz dauden jakiteko ere deitzen diete noizean behin. guk bizi kalitatea hobetzea helburu duen zerbitzuaren bi aldeak ezagutu nahi izan ditugu, langileak eta erabiltzaileak, eta ordu batzuk eman ditugu Gipuzkoako SOS Deiak-en egoitzan eta Zumaiako Maria Pilar Mujikaren etxean.

Maider IANTZI

112 zenbakia, irratia, telefono mugikorreko mezuak, telealarma... Hainbat bidetatik jasotako larrialdi abisuak koordinatzen dituzte Donostiako San Martin kaleko egoitzan. Dei bakoitza dagokion zerbitzura pasatzen da; ertzainengana, Osakidetzakoengana, suhiltzaileengana edo behar diren langileengana. 1986an sortu zuten Gipuzkoako telealarma, eta adinduen eta murriztasunen bat duten pertsonen bizi kalitatea hobetzeko sistema hori aitzindari izan zen Euskal Herrian.

Edozein unetan eta etxeko txoko guztietatik SOS Deiak zerbitzuarekin komunikatzea ahalbidetzen dio erabiltzaileari. Erortzen baldin bada, mugimendu-sentsoreak jakinaren gainean jarriko ditu langileak. Horretarako, baina, ezinbertzekoa da sakagailua une oro aldean izatea, eskumuturreko, medaloi edo gerriko bezala. Antena, bozgorailua, lanpara, ezeztatzeko botoi berdea, alarma botoi gorria eta mikrofonoa instalatu behar dira telefono finkoaren ondoan, baita transformadorea entxufatua eduki ere, nahiz eta kalean ibili.

Gipuzkoako SOS Deiak-eko buru Aitor Olaizolak GARAri jakinarazi dionez, zerbitzu hori hagitz ongi ari da funtzionatzen eta bertze toki anitzetan gauza bera egin nahi dute orain. «Batzuek teleasistentzia daukate telealarmaz gain, eta jarraipena egiten diete ekipoa duten pertsonei. Zer moduz dauden galdetzeko deitzen diete noizbehinka, ezbeharren bat izan eta hurrengo egunetan harremanetan jartzen dira eurekin ongi dauden jakiteko... Aldundiari esker, guk ere badugu pertsona bat horretaz arduratzen dena, goizeko bederatzietatik arratsaldeko bostak arte. Ordutegi horretan, libre badago, berak jasotzen ditu lehenbizi telealarmako dei guztiak; bestela, pertsona hori lanean ari ez denean, beste edozein larrialdi bezala hartzen ditugu telealarmako abisuak», azaldu du.

Erabiltzaileek izugarri eskertzen dute jarraipena egitea. Lehen, teleasistentzia erabiltzen hasi aurretik, maiz deitzen zuten ohera joateko orduan. «Ai! Konturatu gabe zapaldu dut botoia, mahaia garbitzen ari nintzela. Barkatu -erraten zuten, egunero ordu berean- Atzoko pertsona hor dago?». Ekipoaren atzean norbait zegoela eta sistemak ongi funtzionatzen zuela ziurtatu nahi izaten zuten. Orain langileek deitzen diete eta anitz lasaitu dira.

Sergioren solas goxoak

Horretan aritzen da Sergio, hiru pantaila, bi telefono eta teklatua lagun. «Kaixo Maria Josefa. SOS Deiak-etik deitzen dizut zer moduz zauden jakiteko (...) Pozten naiz ba (...) Beno, egun ona izan!». Monitore batean Gipuzkoako mapa du, telefonoaren bertze aldekoa non bizi den jakiteko; bertze batean, pertsona horren fitxa, izen-abizenekin, helbidearekin, zenbait telefono zenbakirekin (berea eta etxeko giltza duen senide, lagun edo bizilagunen batena) eta osasunari buruzko datuekin. Gorabehera guztiak idazten ditu bertan Sergiok, dei guztien informazioa. Ordenagailuak konektatuta daudenez, udal-teknikarien fitxa ere gaurkotu egiten du, eta eurek ere gaurkotzen dute Sergiorena. Ona da hori bi aldeentzat, langileentzat eta erabiltzaileentzat, zenbat eta gehiago jakin orduan eta hobeki lagunduko dietelako.

Sarri aditzen da ring ring hotsa. Anitzetan, erabiltzaileak botoia nahi gabe sakatzen duelako, Maria Antoniak, Mariak eta Aliciak egin duten bezala. Baina Sergiok solas goxoak ditu denentzat: «Ongi al zaude? (...) Lasai, ez du axola». Bertze batzuetan ondoezik egoten dira, edo lurrean, edo bakarrik sentitzen dira. Gaizki daudenean urduri jarri eta etengabe zapaltzen dute botoia. Bakarrik daudenean poliki pasatzen dira minutuak. Erantzuten ez badute etxera deitzen diete, eta telefonorik hartzen ez badute giltza dutenei abisatzen diete, ahal badute joan eta ongi dauden ikusteko. Batzuetan telefono bidez konpontzen dute arazoa, bertzetan DYAkoak bidaltzen dituzte altxatzen laguntzeko, Osakidetzako sendagileak artatzeko, edo anbulantzia erietxera eramateko. Dena den, medikuak dira beti zer egin erabakitzen dutenak.

Bakarrik bizi den 82 urteko andrea. Horixe da teleasistentzia erabiltzen dutenen profila. Gehienak adinekoak dira, baina 65 urte baino gutxiagokoak ere badira. Iaz 3.000 dei jaso zituzten; gaur egun 4.000 jasotzen dituzte, eta heldu den urtean 4.700 gipuzkoarrengana iritsiko direla uste dute. Joan den urtean deitu zuten gehienek ez zuten osasun arazoengatik egin, bakardadeak edo tristurak bultzatuta baizik, norbait ondoan izateko beharrak bultzatuta.

Ekipoaz arduratzen diren teknikariei ere deitzen die Sergiok. Sistema ongi dagoela egiaztatzen dute horiek eta baten bat hondatzen bada konpondu edo aldatu egiten dute. Sergioz gain, bertze hainbat langile ere bada San Martin kaleko egoitzako bosgarren solairuan. Lourdes eta Yolanda, erraterako, anbulantziak koordinatzen ari dira, mapaz eta hainbat kodez baliatuta. Deia jaso eta zein larrialdi mota den ikusi ondotik, Jon eta Emma medikuei pasatzen dizkiete datuak zer egin erabaki dezaten, eta mapan ikusten dute zein anbulantzia ailegatu daitekeen lehenbizi ezbeharra gertatu den tokira. «Gehienetan zorabiatutako edo eroritako jende adindua izaten da», jakinarazi digu Lourdesek.

Langile horiekin guztiekin egon ondoren, seigarren solairura igo gara Karlos bulego teknikariarekin eta Aitor Olaizola Gipuzkoako SOS Deiak-eko buruarekin, bertan baitago zerbitzuko ekipoa. Hamaika tresna ikusi dugu; horien artean teleasistentziako aparatua ere bai. «Sistemak erabiltzailearen etxerako bakarrik balio du oraingoz, gerrikoak, eskumuturrekoak eta medaloiak ez dute besteren etxean edo kanpoan funtzionatzen -ohartarazi digu Olaizolak eskumuturreko bat erakustearekin batera-. Baina Aldundiko Ongizate Sailekoek informazioa eskatu dute eta kalerako sistemak aztertzen ari dira, GPSa dutenak. Alzheimer gaixotasuna dutenekin egin nahi dute proba. Mapa laukitu batean pertsona hori non dabilen agertuko balitz, noiz galtzen den jakiteko modua izango lukete».

Maria Pilarren sentipenak

Irribarrez hartu gaitu Maria Pilar Mujikak. Bezperan, erreportaje bat egiteko berekin solas- tatzen ahal ginen galdetu genionean egunkarian agertzeak lotsa pixka bat ematen ziola aitortu zigun, bereziki argazkia ateratzeak. Baina berehala onartu zuen proposamena, testigantzak norbaiti laguntzen ahal diola konturatuta, eta hurrengo egunerako paratu genuen hitzordua bere etxean, Zumaian. Etxeko atea ez ezik, bihotzekoa ere zabaldu digu, eta barreneko pozak, kezkak, beldurrak eta pentsamenduak ezagutu ditugu. Apirilaren 6an 81 urte beteko ditu Maria Pilarrek eta 14an 56 urte izanen dira ezkondu zela. Bost seme-alabaren ama da, sei biloba dauzka, eta harro azaldu digu bakoitza zertan aritzen den.

Argazki saioaren ondotik, sofan lasai eserita, teleasistentzia sistema jartzeko arrazoiez mintzatu zaigu: «Arritmia daukat, eta urduri jartzen nintzenean takikardia izaten nuen lehen. Gizona hil berritan izutu egiten nintzen gauez eta maiz joaten nintzen medikuarengana. `Beste ezer baino gehiago, beldurra daukazu zuk', esaten zidan. Semearekin bizi naiz, baina itsasoan dabil eta astean hiru aldiz bakarrik egiten du etxean lo. Horregatik hartu nuen duela urtebete teleasistentzia sistema jartzeko erabakia, gizarte-laguntzaileak animatuta, eta orduz geroztik ez dut estutasunik sentitu, takikardiarik ere ez dut izan. Sei urte dira senarra zendu zela, eta orain oso ondo sentitzen naiz. Ez dut zerbitzuaren beharrik izan, ez dut sekula botoia sakatu, baina lasaitasun eta segurtasun handia ematen dit. Ohean nagoela norbaiten laguntza behar badut badakit eskumuturreko botoia zapaltzea aski dudala. Ez naiz bakarrik sentitzen, telefonoa eskura dudalako eta senitartekoak inguruan bizi direlako. Lehen, ordea, zerbait txarra gertatzeko beldurrez egoten nintzen. Ondoezik sentitzen nintzenean kezka izaten nuen: zer gertatuko zait? Noiz konturatuko dira hiltzen banaiz?».

Eguneroko bizimoduaz galdetu diogunean, berehala konta-tuko digula erantzun digu zumaiarrak, errateko deus handirik ez balu bezala: «Botikak hartzeko jaikitzen naiz aurrena, eta gero ohean egoten naiz hamarrak aldera arte. Semea etxean dagoenean, lapikokoa prestatzea izaten da lehenengo lana. 42 urte dauzka eta itsasoan ibiltzen da. Historiako karrera egin zuen, baina ez zuen lanik topatzen eta arrantzale hasi zen. Betitik gustatu izan zait jostea eta horretan aritzen naiz orain ere. Bolada luze batean ama-alabak Madrilgo enpresa baterako puntua egiten aritzen ginen. Ez dut oso gogoko kalean berriketan aritzea, ezta kafetegietan egotea ere, baina egunean hiru ordu laurden oinez ibiltzeko aholkatu zidaten eta betebehar moduan hartu dut. `Aquí hay tomate' eta horrelakoak ikusten ditut arratsaldez eta penaz ateratzen naiz. Hogar-era joaten naiz zazpietako mezaren aurretik lagunekin kafesnea hartzera. Eguraldi txarra ez bada, egunero. Mezatik irten eta jubilatuen etxean egoten gara zortzi eta erdiak arte, muztioa hartzen, karta jokoan eta berriketan. Etxera bueltatu, afaldu, `Goenkale' ikusten kakorratzean aritu eta hamabiak aldera oheratzen naiz».

«Ongi bizi zara!», erran diogu. «Primeran bizi naiz, zoragarri! Gizarte-laguntzailea etortzen zait etxera asteartetan. Jada kosta egiten zait aldapak igotzea, zama jasotzen baldin badut ez naiz ondo egoten... Bestela, ttirri-ttarra ttirri-ttarra neuk ere egiten ditut etxeko lanak. Koinata bizi da behean eta atzo bertan hala esan zidan: `Ari zara orain ere!'. `Bai, Benidormeko arropa prestatzen ari naiz', erantzun nion. Izan ere, aurki Alikantera joango naiz. Azaroan Andaluzian izan ginen hiru lagun, Almerian, eta gela berean egiten genuen lo. Ez dakizu zer ilusio egiten zidan, ohe banatan egonda ere, gauetan norbait ondoan izateak!», kontatu du.

«Teleasistentzia sistema erosi baino lehenago bilera eduki genuen Hogar-en -jakinarazi du jarraian-. Orduan beharrik ez nuela pentsatzen nuen, gauetan beldurtzen hasi nintzen arte».

«Merezi izan zuen»

«Sendagileak aipatu zidan askok ez duela nahi izaten etxean kanpoko pertsonarik sartzea laguntzera, eta horrela pentsatzen duen jendearentzat egokia izan daiteke zerbitzua. Dena azaldu behar duzu: zer daukazun, zer ez daukazun, zenbat diru irabazten duzun... Baina hori pasatu zen, eta orain ziur naiz merezi izan zuela. Etxean beti jantzita eraman behar da eskumuturrekoa, dutxan batez ere, erortzeko arriskuagatik. Etxeko alfonbrak ere kendu ditut nik, eskumuturra hautsita eduki bainuen eta trabatzeko beldur bainaiz. Ezin da tresna kalera eraman, ezta lagunen eta senideen etxera ere, telefono finkoa hurbil behar baitu. Sutea bada, lapurrak sartzen baldin badira, gaizki sentitzen bazara... edozein larrialditan botoia sakatu eta segituan etorriko direla agintzen dizute. Jarraipena ere egiten dizute eta lasaitasun handia ematen du horrek», baieztatu du.

Argia aurrezteko asmoz, egun batean sistema itzali zuen Maria Pilar Mujikak, eta zer gertatzen zen jakiteko deitu zioten. Pertsona batek joan behar izan zuen zentrotik tresna berriro martxan jartzera. Madrilen bizi den lagun bati ere antzeko zerbait gertatu zitzaion. Zumaian pasatu ohi ditu egun batzuk, eta teleasistentziako langileek telefonoz hots egin zioten Gabonetan, bidaiaren berri eman ez zielako arduratuta.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo