GARA > Idatzia > Herri-kirolak

SOKATIRA Euskal Herriko Txapelketa

Nuarbek ez du aurten talderik ateratzeko asmorik

Goma gainean, ez da ezusterik izan, eta Abadiñoko taldeak irabazi du 560 kiloko txapela ere, eta lau pisuetan jaun eta jabe izan dira

 

Jon LEUNDA | DONOSTIA

Sokatiran amaitu da goma gaineko denboraldia, eta hilabete eta erdi barru hasiko da lur gainekoa, baina inork nahi ez zuen berria heldu da, Nuarbek ez baitu talderik aterako.

Nuarbekoak dira azken urteetan Euskal Herrian garaipenik gehien lortu duen taldea. Zaila da haiek egin duten guztia eginda beste talde bat topatzea, ez sokatiran bakarrik, baita gainerako kiroletan ere.

Euskal Herriko txapeldunak izan dira pisu guztietan, bai lur gainean, baita goman ere, nahiz eta hemen ez diren aspaldiko urteetan atera. Gainera, Europako eta Munduko txapel bat baino gehiago ere ekarri dituzte, baita Joko Ez-Olinpikoetan ere, urrezko domina lortutakoa da. Horiez gain, nazioarteko lehiaketetan ere, torneo bat baino gehiago bereganatutakoak dira.

Iñaki Altunak, Nuarbeko entrenatzaileak, eman zigun atzo horren arrazoia: «Jenderik ez genuen, ez behintzat behar diren baldintzetan aritzeko, eta ezinezkoa izan da taldea ateratzea», esan zuen.

Taldean urterik gehien eman dituen tiralariek penaz hartu dute berria, baina aurretik ikusten omen zuten arazoa bazetorrela: «Jendea falta zen, eta azken urteetako arazoa zen. Doi-doi genbiltzan, baina bagenekien norbaitek huts egiten bazuen, akabo, ez zegoela talderik ateratzerik, eta azkenean gertatu da» Altunak, ordea, ez du heldu den urtean berriro taldea ateratzeko itxaropenik galdu: «29 urte eman ditugu lanean, eta 30. urtea bete nahi dugu. Heldu den urterako osatu nahiko genueke», esan zuen.

Goma gainean, berriz, herenegun amaitu zen lehiaketa, 560 kiloko finalarekin. Abadiño etxean aritu zen, eta berriro ere irabazi egin zuen. Oraingoan ere saioko tiraldi guztiak bereganatu zituen. Sokarri sailkatu zen bigarren Abadiñorekin bakarrik galduta, eta Berriozar hirugarren Amaiurri bakarrik irabazita. Sailkapen nagusian, Abadiño izan da txapeldun, 11,5 punturekin; bigarren Sokarri 9,5 punturekin; hirugarren Berriozar 6 punturekin eta Amaiur azkena, 3 punturekin.

Arregik marka egin du

Inaxio Arregi azpeitiarrak marka berria ezarri zuen atzo. 77 kiloko burnia bizkarrean hartu eta Loiolatik Xoxote mendira joan baitzen, guztira sei kilometro inguru. Bere asmoa, berak duen pisua adineko burnia eramatea zen. Berak, 76,5 kilo pisatu zituen, baina burniak 77 kilo pisatu zituen. Hala ere, bizkarrean hartu, eta 3 ordu, 29 minutu eta 48 segundotan heldu zen Xoxoteko gailurrera.

Arregi ongi joan zen, eta bikain prestatuta zegoela erakutsi zuen. Lehen ere marka handiak egindakoa da, eta azkeneko hori ere hor geratuko da.

Jende falta

Nuarbek azkeneko urteetan jendea falta zuen, baina taldea ateratzeko adina izaten zuen. Aurten, ordea, ezin izan dute nahiko tiralari osatu, eta ezin izango dute lehiaketetan aritu

Txapeldun handia

Nuarbek garaipen handiak lortu ditu lehiaketetan aritu den 29 urtetan. Euskal Herriko talderik nagusiena izan da, baina bai Europan,bai eta Munduan ere, urrezko dominak lortutakoa da

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo