GARA > Idatzia > Kultura

KRONIKA

Idazle handi baten bizitzan eta literaturan barna bidaia

Pio barojaren oroimena" erakusketa ireki du Nafarroako Museoak. Berrehun bat pieza eta «giro barojianoa" gertutik ezagutzeko parada eskaintzen du bisita gidatu bidez. GARA ere han egon da.

Rebeka CALVO

Eskuko egitarauak «berrehun bat piezaren bidez idazle donostiarraren literatura eta bizi-ibilbidea» ezagutzeko gonbita egiten du. Pio Baroja «polemi- koaren» eskutik, 1872tik 1956ra arteko pasarteak bisita gidatu bidez ezagutzeko parada, beraz.

Ordua iritsi baino lehen, talde txiki bat bertaratu da ``Pio Barojaren oroimena» erakusketaren erraietara bidaia egiteko prest. Haur batzuk ere etorri dira gurasoekin, baina Iruñeko Nafarroako Museoan sartu baino nahiago izan dute sanferminek ospetsu egin duten Santo Domingoko maldara ihes egin eta gora eta behera ibili.

Iritsi da unea, eta badator bidaian zehar gidatuko gaituena. Ibilbidea 1872. urten hasten da, abenduaren 21ean, Donostian zehazki. Pio Baroja jaio da. «Ezin dugu Barojaz hitz egin familia osoa kontuan hartu gabe: barojatarrak. Ez zen oso familia zabala; nahiko bakartiak zirela ere esaten zen... eta ez zuten ia ondorengorik izan Carmenek, Pioren arrebak, izan ezik». Piok oso lotura estua zuen anai-arrebekin: Dario, 1894an hil zena; Ricardo, zeinarekin oso lotura estua zuen; eta Carmen.

Bere bizitzako lehen dekoratuen aurrean gaude: Iruñeko garaiko argazkiak; Valentziakoak; Zestoan mediku lanetan egon zenekoak -esperientzia horrek medikuntza ia gorrotatzera eraman zuen-; Juana Nessi izebak utzitako okindegiko argazkiak, urte askoan familia osoaren bizibide izan zen okindegia, gainera; txikitan irakurritako liburu batzuk... Eta Pio bera «zu- zenean ezagutzeko» aukera ere izango dugula esan digu gidariak, eta hementxe dago, guztiei so, Francisco Gonzalez Maciasek 1937an eginiko bustoari esker.

XIX. mendeko bukaera eta XX.eko hasiera da. Orduan hasi zen Schopenhauer, Kant eta Nietzsche-ren obrak irakurtzen. Oso ezagun egin diren trilogiak idatzi zituen, hala nola «El gran torbellino del mundo», «Las veleidades de la fortuna» eta «Los amores tardios», eta liburu horien eskutik «Giro barojianora» egingo dugu salto. Horretaz gain, lehengo garai hartan zenbait lagunekin egin zituen hainbat txangoren irudiak ditugu parean: Tosedora, Yustera edo Urbioiera egindakoak, besteren artean.

Iritsi gara «giro barojianora»: «Itzea. Euskal Lurra. Itsasoa» izenpetu dute. Gidariak, hala ere, nahiago du «hiri inguruko giroaz» hitz egin. «Garaiko Madrilgo ikuspegi azkar bat dugu hemen. Pio 1879an joan zen lehen aldiz Madrilera, eta 1898an erabaki zuen guztiz literaturan lan egitea», esan du. Erakustokiaren erdian jarritako beira-arasa batean haren libururik ezagunenen lehen edizioak daude: «La casa de Aizgorri», «Zalacain el Aventurero», «Las inquietudes de Shanti Andia»...

Barojak 53 urte zituen. «Langileen Madril» ez zitzaion gustatzen eta ia ez zen etxetik ateratzen. «Nahiago ditu etxean intelektualekin egiten zituen solasaldiak. Baita, argazki honetan ikus daitekeen moduan, Levante kafean egiten zituztenak. Bertan Ortega y Gasset eta Azorinekin egoten zen besteren artean», argitu du.

Atal horretan Ricardo Barojaren lan ugariri erreparatzen dio batek baino gehiagok. «Ricardoren grabatuak dira. Goyaren ondoren grabatzailerik onena dela diote, eta berak erakutsi zion grabatuen teknika Picassori berari ere», esan du.

Eta heldu da barojatarrak ia mundu osoan ezagun egin dituen Itzea baserriaren unea. Ramon Zubiaurre Shanti Andia literatura-pertsonaiak egin digu ongietorria, eta ondoren gardeniaz betetako loretokira familia ezagutzera joango gara. Carmen Nessy Pioren ama, Carmen haren alaba eta horren bi seme eta Pio bera daude.

Tristura familian

Tristura da inguruan. Carmenek seme txikia galdu du, eta ondoren beste alaba bat. Ricardo begibakar geratu da eta Ricardo txikiaren heriotzak asko tristatu du. Pio Barojak, bestalde, Eugenio de Aviranetaren bizitza ezagutu nahi du. Orduan idatzi zituen 22 liburuk osatzen duten «Ekintza gizon baten oroimenak» bilduma. Aviraneta Karlistaldietan eta Independentzia gerretako azpikari liberalaren bizipenak ezagutzeko gogoak eraman zuen XIX. mendeko Estatu espainoleko gorabeherak ezagutzera. Aviraneta bera dugu parean, eta horren aurrean Zumalakarregi karlista.

Pio Baroja hil zeneko hileta-martxaren argazkitik gero eta gertuago gaude. 1940 urte inguruan gaude. Madrilera itzuli zela dio gidariak baina «oso bakarrik» zegoela. Ama hil zitzaion; ez zuen kalera atera nahi. Tamaina handiko argazki batean bere eskuak idazten ageri dira. «Esku sendoak zituen, ez dute idazle batenak ematen», diote bisitariek. Madrilgo hainbat argazki ditugu aurrerago, eta azkena Madrilgo Hilerri Zibilera bidean zihoan hileta-martxarena da. «Egun tristea izan zen; euri pila bat egin zuen», azaldu du. Eta bukaerako txalo artean beste bitxikeriarik ere helarazi digu gidariak han bildutakoei: «Oso gizon serio eta askotan zekena zela diote askok. Baina maitasun handia ere sortzen zuen. Bera hil eta hurrengo egunean hiru larrosa azaldu ziren bere hilobi gainean. `Zalacain el Aventurero' irakurri duenak badaki zein larrosez ari naizen».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo